Bizkaiko zahar etxeetako 5.000 langileren grebarako eskubidea errespetatzeko eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari

Sindikatuak adierazi duenez, azken urte eta erdian egindako 10 negoziazio mahaietan, patronalek eta Aldundiak soldatak izoztearen, lanaldi partzialekin jarraitzearen eta langileak lehen egunetik ez ordezkatzearen aldeko apustua egin dute, besteak beste, langileen eta zerbitzuaren kalitatearen kaltetan.
Horren harira, ELAk gogorarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak 255 milioi euro inguruko partida bat onartu duela 2021-2023 aldian oheak ituntzeko. Sektoreko patronalek diru hori jasoko dute; ez da, ordea, langileen lan baldintzetan eta zerbitzuaren hobekuntzan inbertituko.
Horregatik guztiagatik, Bizkaiko erresidentzietako langileek greba egingo dute abenduaren 14an, patronalei eta Bizkaiko Foru Aldundiari lan baldintzetan hobekuntzak eta langile kopurua eta ratioak handitu ditzaten eskatzeko; beti ere, pertsonak lehenetsiko dituen zaintza eredua lortzeko asmoz.