Bosgarren greba egunak sektorea berriz ere geldiarazi du
Arabako Esku-hartze sozialaren IV. Hitzarmena onartzeko 15 hilabete baino gehiagoko negoziazioaren eta egindako 15 bileren ondoren, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek sektoreko bosgarren greba eguna “arrakastatsutzat” jo dute, eta ohartarazi dute mobilizazioek jarraipena izango dutela negoziazioan benetako aurrerapenik ez bada ematen.
AISA patronalak lehen aldiz erakutsi du akordioak lortzeko prestasuna aldi baterako ezintasunagatiko osagarrien, malgutasunaren, euskararen, telelanaren edo kontratazio modalitateen inguruan. Hala ere, sindikatuek diote oraindik hainbat kontu zehaztu gabe daudela, hala nola soldaten igoeran, lanaldiaren murrizketan, kontziliazioan, baimenetan, erretiro aurreratuan edo nahi gabeko lanaldi partzialaren murrizketan.
Sindikatuek uste dute patronalaren jarrera aldaketa sektoreko langileek egindako presioaren ondorio zuzena izan dela, eta azpimarratu dute protestekin jarraituko dutela “lan baldintza duinak” lortu arte eta administrazio publikoek zuzenean kontratatutako langileekin parekatzea eskuratu arte.
AISAri ez ezik, erakunde publikoei ere sektorearen prekarizazioaren ardura egotzi diete, eta inplikazio politiko handiagoa eta lan hobekuntzak bermatzeko nahikoa finantzaketa publikoa eskatu dituzte.
Hurrengo negoziazio mahaia ekainaren 4an izango da. Bitartean, sindikatuek mobilizazio berriak iragarri dituzte datozen egunetarako; besteak beste, maiatzaren 29an gastu militarraren igoeraren aurkako protesta 18:30an Gobernu Militarrretik, eta maiatzaren 31n Urizaharrarantz egingo den kotxe-karabana.