Gasteizko Vithas San José Ospitalea
Bost eguneko greba deitu dute langileek %16ko erosahalmenaren galera izan eta gero

Vithas San José ospitaleko enpresa batzordeak (ELA 4, CCOO 4 eta UGT 1) bost greba egun deitu ditu, ekainaren 19tik 23ra, hitzarmen berriaren negoziazioan enpresaren blokeoarekin amaitzeko. Oraingo hitzarmena, urtebeteko aurreraeraginarekin, arriskuan dago. Langileek KPIari lotutako soldata igoerak aldarrikatzen dituzte. Izan ere, plantilla osatzen duten 220 pertsonek erosahalmena galdu dute, zehazki, %16 baino gehiago 2021etik. Bitartean, eta kontu ekonomikoen azterketari erreparatuta, 2019az geroztik, enpresak 20.000 euro gutxiago gastatu ditu batez beste langile bakoitzeko. “Plantilla prekarizatzen den bitartean, enpresaren irabaziak handitu egiten dira”, salatu dute. Hala ere, lehen negoziazioak hasi zirenetik, 2023ko urtarriletik, enpresak ez du eskaintzarik aurkeztu lan baldintzak hobetzeko. Soldata hobekuntzez gain, lanaldia murriztea eta baja osagarriak eskatzen dituzte, besteak beste.
Sindikatuek diote ez dagoela negoziaziorik, enpresak ez dituelako aintzat hartu 2023ko urtarrilean aurkeztutako edukiak. Are gehiago, gaineratu dute ez dagoela enpresaren eskaintzarik.