Cabacasen inguruko epaiak agerian utzi ditu Ertzaintzaren gaitz endemikoak

2018/11/30
ELAk bere elkartasuna adierazi nahi dio Iñigo Cabacasen familiari, atzo ezagutu genuen epai judizialaren ondoren. Epaiak, ziurrenik, adiskide eta senideen samina areagotu baino ez du egingo, jokoan zeuden ardura penal guztiak inondik ere ez baitira argitu. Auzibideak eta epaiak agerian utzi dituzte euskal segurtasun sistemaren, Ertzaintzaren eta bere arduradun politikoen gaitz endemikoak.

Prozesuan zehar kontu oso larriak ezagutu dira: ekintza polizialak arrazoirik ez zuela; ertzainek gezurra esan zutela; frogak ezkutatu eta deuseztatu egin zirela; gertatutakoa argitzeko oztopoak jarri zirela... Hots, epai judizialak egiaztatu egin du gaur EAEn indarrean den eredu polizialak funtsezko puntu batzuetan -indarraren erabilera edota kontu ematea- ezaugarri deitoragarriak dituela.

Duela aste batzuk esan genuen ez zeudela auziperatuta hala egon beharko zuketen pertsona guztiak. Eta, batez ere, ez dira auzi honetako ardura politikoak argitu. Horiek depuratzea galdegiten dugu gaur ere. Halaber, fiskaltzak auzibide guztian zehar izan duen jokabidea ere salatu egiten dugu.

Salagarria da ere Ertzaintzako zenbait sindikatuk izan duten jokabidea. Gogoratu  nahi dugu ehunka gizon eta emakumek (euren artean, ELAn dauden gehien-gehienak) ertzain izatea erabaki zutela hain zuzen bestelako polizia bat osatzeko. Haatik, epai honek eta auzibide guztiak agerian utzi dute zeharo kontraesanean dago bulkada harekin, eta zama izugarria leporatu diete zintzo jokatu duten ertzain askori, zeintzuk, jendartearen eta familiaren sentipenarekin bat datozelarik, ez duten horrelakorik merezi.

Gertatzen ari denak gure betiko ustea sendotzen du: eredu polizial zibil eta demokratikoaren alde borrokatu behar dugu, zerbitzu publiko izateko xedea duen ereduaren alde. Guk nahi dugun Ertzaintza herritarren zerbitzura dago, eta jendarteari kontu ematen dio; korporatibismo polizialetik libre egon behar da, baita manipulazio politikotik ere.