BIZKAIKO ESKU HARTZE SOZIALA
Bere baldintzak "inozentekeria" hutsa direla salatu dute zortzigarren greba egunean
Abenduaren 28a inozentaden eguna dela aprobetxatuta, Bizkaiko esku hartze sozialeko langileek “inozentekeriatzat” jo dituzte euren lan baldintzak. Bilboko Kale Nagusia zeharkatu duen ekitaldi isil batean egin dute, Bizkaiko Foru Aldunditik igaro eta Abandora iritsi arte. Foru erakundeari, Eudeli eta udalei -zerbitzuen arduradun nagusiak- interpelatzeaz gain, Gizardatz eta Geroan patronalen jarrera ere salatu dute. Izan ere, patronalek hilabete eta erdi baino gehiagoz izan dute blokeatuta negoziazio; bitartean, administrazio publikoek bizkarra eman diete sektoreko langileei.
Izan ere, abenduaren 22an Gizardatzek eta Geroanek deitutako mahaian, gatazka konpontzeko urratsak egin beharrean, berriz ere planteatu zituzten urte bakoitzerako erosahalmena bermatuko ez zuten edukiak. Are gehiago, ez dituzte bermatzen sektorean premiazkoak diren laneko osasun eta segurtasun arloko neurriak. Langileek adierazi dute ez dutela onartuko soldatak jaistea, ezta laneko segurtasun faltak jarraitzea ere.
Grebalarien ustez, premiazkoa da eguneroko lanaren balio produktiboa erdigunean jartzea. Gauzak horrela, sektorearen aldarrikapenei erantzungo dieten egiturazko konponbideak eskatu dituzte.