ERRESIDENTZIAK GREBAN
Barakaldoko Altos Hornos erresidentzia zigortu dute, grebalari baten askatasun sindikalerako eskubidea urratzeagatik
Bizkaiko erresidentzietako grebariek elkarretaratzea egin dute Barakaldoko Altos Hornos zahar egoitzaren aurrean, enpresak ELAn afiliatutako langile bat kaleratu duelako. Justiziak arrazoia eman dio sindikatuari, kaleratzea baliogabetu du eta frogatutzat jo du askatasun sindikalerako eskubidea urratu zela. Elkarretaratzearen ostean, martxa bat egin dute Sestaon eta Portugaleten. Mobilizazioek Ezkerraldean jarraitu dute: grebalariek ibilbidea egin dute Sestaoko Albiz zahar egoitzatik Portugaleteko Aspaldiko erresidentziaraino.
2022ko azaroan, langileak antolatzen hasi ziren pairatzen duten egoera larria konpontzeko. Enpresak horren berri izan zuenean, ELAko afiliatuaren aurka egin zuen eta kaleratu egin zuen. Langileek, ordea, enpresaren presioari aurre egin zioten eta ordezkaritzaren %100 eman zioten ELAri. Sindikatuak salaketa jarri zuen orduan epaitegietan, eta arrazoi eman diote.
Maiatzaren 3ra arte aurreikusitako greba deialdiaren barruan, bihar, apirilak 27, manifestazioa egingo da Bilbon. 10:30ean abiatuko da Arriaga plazatik, Aldundiaren aurrean amaitzeko.