Correoseko LEPak lanaldi partzialeko lanpostu gehiago sortuko ditu

2023/01/19
ELAk dio Correosek aurkeztutako Enplegu Publikoaren Eskaintzak prekaritatera zigortuko dituela Espainiako Estatu osoko 2.311 langile, 251 lagun Hego Euskal Herrian. Izan ere, eskaintza publikoak lanaldi partzialeko lanpostu gehiago aurreikusten ditu. Zehazki, %30,5 izango dira Araban; %37,2 Gipuzkoan; %32 Bizkaian; eta %39,7 Nafarroan. Gauzak horrela, ELAk mobilizazioaren aldeko apustua egin du. Guztira, 7.757 lanpostu izango dira. ELAk mobilizazioen aldeko apustua egingo du.

Correosek urrian aurkeztu zuen LEPa eta orain lanpostuen banaketaren berri eman du. ELAk azpimarratu du Correosek, enpresa publikoa izanik, eredu izan behar duela eta kalitatezko enpleguaren alde egin behar duela. "Horren ordez, zuzendaritzak soldata baxuko lanaldi partzialeko lanak sustatzen ditu, langileek aparteko orduak egitea onar dezaten, hilaren amaierara iristeko arazoak dituztelako", deitoratu du.

Eskainitako lanaldi partzialeko lanpostu guztietatik ia %48 bulegokoak dira. ELAk gogorarazi du gero eta lanpostu gutxiago daudela lanaldi osoan, eta, beraz, gero eta pertsona gehiago daudela lanaldi partzialeko lanpostuetan urte batzuk igarotzera kondenatuta, lekualdaketa noiz iritsiko zain. "Kasu askotan beste lan bat bilatu beharko dute soldata osatzeko eta hilaren amaierara iristeko", deitoratu dute. Gogorarazi du langileek arazoak izango dituztela kontziliatzeko; are gehiago, oso soldata txikiak dituztelako, sailkapen agenteekin gertatzen den bezala, hilean 500 euro kobratzen baitituzte.