Darponek ez dauka zilegitasunik Osasun Sailburua izaten jarraitzeko

2018/07/19
Eusko Jaurlaritzak, Darpon Sailburua buruan, ez ditu bere ardurak hartu nahi eta orain salaketa egin duten oposiziogileak kriminalizatu nahi ditu: adierazi du Fiskaltzari eskatuko diola horietariko hiru ikertu ditzan.

Gaur Legebiltzarrean izandako agerraldi ikaragarriaren ostean, jakina dena errepikatzea besterik ez zaigu geratzen: Osakidetzako EPEa mediku espezialistak hautatzeko sistema ustel baten parte bat besterik ez da, eta Osakidetzak berak eta Eusko Jaurlaritzak ez daukate horrekin behin-betirako bukatzeko asmorik.

ELAtik urte askotan zehar salatu izan dugun bezala, EPE honetan gertaturikoa ez da izan gertaera bakana, sistema ustel baten erakusgarria baizik. Eta sistema ustel horretako agintean zerbitzuburuak daude, Osakidetzako zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren konplizitate eta babes guztiarekin.

Hala ere, Osakidetzak, Darpon Sailburua buru, ez du batere borondaterik EPEaren espezialitate medikoetako azterketetan gertaturikoaz zorrotz ikertzeko, ezta EPE horretan gertaturikoa ohiko prozedura bihurtu duen sistema ustel horrekin amaitzeko ere.

ELAk azpimarratu nahi du Osakidetzako EPEetan gertatu izan dena oso larria dela. EPE honetan errealitate hori ezkutatzea ezinezkoa egin zaio Osakidetzari.

Zoritxarrez, gaurko agerraldia honakoa egiaztatzeko balio izan digu: filtrazioak ukatzen jarraitzen dutela; eta beraientzako, enplegu publikoan izandako iruzurra ikertzea dela azterketen emaitzen hausnarketa estatistiko soil bat egitea, besterik ez. Horri gehitu behar zaio Osakidetzak eta Darpon Jaunak hasieratik erakutsi egin duten konplizitate eta pasibotasuna. Eta hori guztia helburu bakar batekin: bihartik aurrera hautaketa sistema ustel hori indarrean mantentzea.

Pasa den astean galdetzen genuen ea zer gehiago gertatu behar den dagozkion erantzukizun politikoan galdatzeko eta Osasun Sailak egoera hau salatzeko ausardia izan duten langileak babesteko. Langile horiek hasieratik kriminalizatuak izan dira.

Baina gaur muga gainditu egin dute. Adierazi dute beste lau kategoriatan gertatutakoa ikertuko dutela baina argi daukagu horren asmoa ez dela benetako ikerketa bat egitea, baizik eta horren itxura ematea. Baina horrez gain adierazi dute Fiskaltzari eskatuko diotela salaketa aurkeztu duten hiru oposiziogile ikertu ditzan.

ELAtik azpimarratu nahi dugu joera hori oso larria dela, gertatutakoa ikertu beharrean eta dagozkion ardurak galdatu beharrean. Sinestarazi nahi digute gertatzen ari denaren errua gertatutakoa salatu dutenena dela, hain zuzen ere, jakina den egoera bat salatu izan duten horiena.

Egoeraren larritasuna kontutan hartuta, argi dago Darpon Jaunak ez daukala zilegitasunik Osasun Sailburua izaten jarraitzeko, eta horregatik bere kargugabetzea eskatzen dugu.