GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK GREBAN

Donostiaren ustezko xarmatik urrun prekaritatea nagusi dela islatu du Zaintzaldiak

Donostiaren ustezko xarmatik urrun prekaritatea nagusi dela islatu du Zaintzaldiak
Zinemaldia hastear dela, ehunka grebalari Kursaaleko alfonbra gorriaren ondotik igaro dira, Donostian, kamiseta moreak jantzita. "Donostiak egunotan saldu nahi digun xarmatik urrun, prekaritatea da nagusi: Gipuzkoako erresidentzietan langileen % 93 pribatizatuta daude, erdiak borondatezkoak ez diren kontratu partzialekin, eta soldata arrakala 10.000 eurotik gorakoa da urtean", salatu dute. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak oso larritzat jo du “Aldundiak zaintza eredua sostengatzea prekaritatean eta enpresen etekinak lehenetsita".

Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako langileek -313 egun greban- amaiera eman diote Zaintzaldia jaialdiari, Donostian; bertan salatu dute langileek eta egoiliarrek pairatzen duten prekaritatea. Ehunka izar morek euren aldarrikapenak islatu dituzte Cervantes Plazatik Diputaziora joan den manifestazioan. Kursaaleko alfonbra gorritik igaro dira, Zinemaldia ospatuko den tokitik, hain zuzen ere. Jaialdi alternatiboak helburua argia zeukan: "egunotan Donostiak saldu nahi duen glamourraren atzean dagoen errealitatea agerian utzi: erresidentzietan prekaritatea da nagusi eta Gipuzkoako Foru Aldundiak beste alde batera begiratzen du”.

Manifestazioaren buruan, eta grebalariekin batera, ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak baieztatu du langileak direla benetako izarrak eta eurek merezi dutela instituzioen aitortza. “Aitortu nahi ditugu Gipuzkoako Aldundiak aitortzen ez dituen izar batzuk: astelehenetik igandera eta goizetik gauera erresidentzietako iluntasuna argiztatzen dutenak. Izar horiek eskatzen duten aitortza bakarra da soldata arrakalarekin eta kontratu partzialekin amaitzea. Ez dute saririk eskatzen, nahiz eta izarrak izan". 

Atzo, irailaren 17, Zaintzaldian egindako sari banaketan, Aldundiak prekaritatearen ekintzaile handienaren saria jaso zuen. Negoziazio mahaia blokeatuta dago oraindik.

Datozen ekimenen artean, ELAk iragarri du alderdi politikoekin bilera sorta egingo duela Batzar Nagusietan, Gipuzkoako aurrekontuen eztabaidaren hasierarekin bat eginez. Horrekin batera, manifestazioa egingo du Zumaian, irailaren 24an, 18:00etan, Beheko Plazatik abiatuta.