EAE SEKTORE PUBLIKOA

EAEko ehunka asanbladatan grebaren alde bozkatu dute

2023/10/20
ELAk aurreikusi du euskal sektore publikoan deitutako grebek -urriaren 24an hezkuntza publikoan eta urriaren 25ean sektore publiko osoan- jarraipen handia izango dutela. Horien helburua da egoera iraultzea, zerbitzu publikoak indartzea, lan baldintzen etengabeko narriadura geldiaraztea eta Euskal Herrian sektore publikoko enplegua, lan baldintzak eta soldatak erabakitzea. Sindikatuak dio sektore askotan egiaztatu dutela langile gehienen babesa. Izan ere, ehunka batzarretan bat egin dute grebekin. Boto kultura duten eskualdeetan, baietza nagusitzen ari da. Esate baterako, Arrasate, Zarautz, Hernani, Oñati, Legazpi, Ordizia, Anoeta, Barakaldo, Bermeo, Ortuella, Trapaga eta Markinako udal eremuko langileen %90ek baino gehiagok esan dute grebarekin bat egingo dutela. Beste leku batzuetan, adibidez Gasteizko Udalean, batzarraren aretoa txiki geratu zen bertaratu ziren pertsona guztiak hartzeko.

Hezkuntza arloan ere hainbat batzar egiten ari dira eta bozketak egin diren ikastetxeetan grebaren bi egunen aldeko apustua egin da. Horren adibide dira Lezo Herri eskola, Andoaingo Ondarreta Herri eskola, Villabonako Fleming Herri eskola edo Ordiziako Urdanetako eskola publikoa.

Komunikabide eta garraio publikoko batzarren emaitzak ikusita, sektore horietan ere grebaren jarraipena oso zabala izango dela aurreikusten da. Beste eremu batzuetan, hala nola osasunean, gutxieneko zerbitzuek grebarako eskubiderik gabe utziko dituzte milaka langile.

ELAk adierazi du langileek bat egiten dutela sindikatuek zerbitzu publikoen egungo egoerari buruz egiten duten diagnostikoarekin, egungo egoera aldatzeko hartu behar diren erabakiei buruz, eta erakundeei eta alderdi politikoei egin beharreko eskaerei eta interpelazioari buruz.