EAEko espetxeen transferentziatik urtebetera langile gutxiago, antolakuntzan kaosa eta pribatizatzeko arriskua dira nagusi

2022/12/07
ELAk Eusko Jaurlaritzak EAEko espetxeen transferentzia jaso zuenetik egindako bidea aztertu du, eta ondorioak honako hauek izan dira: langile kopurua murriztu da, antolakuntzan kaosa da nagusi, eta pribatizazio arriskua dago. Gainera, arazo horiek areagotu egin dira azken hileetan.

Kalkulatutako indefinizioan dabil Eusko Jaurlaritza, eta oraindik ez du bere egitasmoaren berri eman. Egoera ezkutatzeko publizitate kanpaina batez baliatzen da, zeinen xedea propaganda egiteaz gain, gabezia ugari estaltzea ditu.

1.- Gaur arte ez da ezagutu azpiegitura planik: ez dakigu erdi-askatasuneko erregimenerako Gizarteratze Zentroak eraikiko ote diren, bere garaian iragarri zen moduan. Halaber, ez dakigu ezer ere ez Arabako espetxea bere osotasunean erabiltzeko zein plan dagoen, ez Gipuzkoako Zubietan izango den zentro berrirako asmoei buruz, edota Bizkaian beste espetxeren bat eraikiko ote den. Ekipamendu horiek funtsezkoak dira espetxe eredu jakin bat gauzatuko bada.

2.-Lantaldea: Aurreikuspenik ez da egin, eta horrek lantaldearen egitura eta tamainari eragiten dio. Langile kopurua urriegia da, esaterako Arabako zentroan. Alacanteko Villenakoaren oso antzekoa da, baina Arabako lantaldea %20 txikiagoa da. Espetxea Langraiztik Zaballara lekualdatu zenean lantaldea bere horretan geratu zen, nahiz eta zentro berria handiagoa eta preso gehiago izan.

Transferentzia egin zenean lantaldea itxi gabe zegoen artean, eta Estatuarekin ez zen adostu zein izango zen beharrezko lantaldea. Aurreikuspen ezak benetako kaosa eragin du; esaterako, Gipuzkoako zentroan (Martutene) ez dago nahikoa langilerik: bulegoetan behar ziren hamarren ordez bi besterik ez daude.

3.- Beste gabezia batzuk: Aurreikuspen okerrak ez die soilik eragiten instalazioei eta lantaldearen tamainari. Bertoko aplikazio informatiko bat eta uniformeak ere falta dira; Estatukoekin jarraitzen dute oraingoz. Hutsegiteak izan dira presoen ekonomatorako oinarrizko produktuen hornitzaileen aldetik.

Arabako espetxeko sukaldeen erreforma plangintzarik gabe egin da. Horrek egoera jasangaitza ekarri du: presoek astebetez ogitartekoak jan behar izan dituzte.

Duela ia bi urte ELAk Eusko Jaurlaritzari espetxe ereduaren lanketa egiteko dokumentu bat proposatu zion: helburua zen sistema humanoagoa izatea, hezkuntza, osasun, lan, justizia eta berdintasun politikak integratuko zituena, euskalduna eta bertako idiosinkrasiaren araberakoa. Xede nagusi bat gogoan izanik: presoak bergizarteratzea.

Horretarako ELAk bitarteko egokiak eskatu zituen (langileak eta baliabide materialak), baita beharrizanen tamainako azpiegiturak ere, lurralde historiko bakoitzean erregimen arrunteko zein irekiko gizarteratzeko zentroekin.

Lan baldintzak

Lantaldean baldintza ezberdinak daude indarrean, lanaldi eta ordainsariari dagokionez, eta aldi baterako enpleguaren arazoa hedatzen ari da. Eusko Jaurlaritzak sindikatuekin ez ditu negoziatu ez Lanpostuen Zerrenda, ez behin betiko lan baldintzak, ez eta LEPen deialdia ere.

Horrek sortzen du antolakuntza kaos izugarria, osatu izan den aparteko orduak erruz eginez (peonada direlakoak), txandak metatuz (zenbait langilek atsedenik gabeko 48 orduko txandak egiten dituzte) eta jaiegunak hartu gabe utziz. Transferentzia kudeatzeko moduak prekaritatea, ezberdintasuna eta segurtasun eza eragin du. ELAren iritziz onartezina da eskuduntza mailako aurrerapauso partzial batek lan eta gizarte arloan halako atzerakada eragin izana, zergatik eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa oso kaskarra izan delako.

Pribatizazioa helburu

Gainera, Eusko Jaurlaritzak laguntza deialdia ireki du enpresa eta fundazioei zuzenduta (6,2 milioi euro 2022-2023 epealdirako, batu daitezkeenak); horrek esan nahi du bergizarteratzeko eremuan espetxeetako langileek egin izan dituzten lan batzuk azpikontratatu eta kanpoko beharginek egin ditzaketela; pribatizazio prozesua indarrean da, eta prekaritate eremu berri bat sortuko da.

Bestalde, onartezina da Jaurlaritzak hizkuntza politikan egin duena: Batetik, ez du euskara espetxeetan integratu, eta bestetik, hizkuntza langileen prestakuntza eskaintzatik kanpo utzi du eta lotsarik gabe baliatzen dira estatuko baremoak, zeintzuk euskarari balio txikiagoa ematen dioten postuak hornitzerakoan.

Presoentzako ondorioak

ELAk ondo irizten dio preso politikoak euskal espetxeetara ekarri izanari. Sindikatuak salatu egin du auzitegi batzuk preso batzuen gradu progresioaren aurka egitea. 

Bestalde, EAEn erroak izanagatik urruneko zentroetan dauden presoak hurbiltzeko ahaleginik ez da egin.

Dokumentuan azaldutakoagatik espetxeetako langile gehienek mobilizazioak egiten hastea erabaki dute. ELAk aldarrikatzen du zigorrak betetzeko eredu humanoagoa, zeinaren ardatzak berreziketa eta bergizarteratzea izango diren; eredu honek langileentzako errespetua eta lan baldintza hobeak bermatu behar ditu.