EAEko Hezkuntza publikoan eduki hobeak lortzeko aukera galdu da

2018/05/16
ELAren ustez, zazpi greba egunek akordio hobea merezi zuten, eta greba zein mobilizazio dinamikarekin jarraituz gero lortzeko aukera zegoen. 2009an CCOO eta UGTk gutxiengoan akordio txar bat itxi zuten gobernuarekin irakasleen eremuan, gaur egun baino aberastasun gutxiago sortzen genuenean. Orain, mobilizazioen ondoren, ordukoa baino akordio txarragoa sinatu dute.

 

Gainerako zerbitzu publikoetan bezalaxe, EAEko irakaskuntza publikoan ere murrizketa bortitzak aplikatu ditu Jaurlaritzak azken urte luzeetan. Mobilizazio eta greba dinamika abian jarri dugun arte Jaurlaritza ez da larritu, mobilizazioekin mugiarazi dugu.

Azken bi ikasturteotan 7 greba egun eta dozenaka ekintza antolatu ditugu ELA, LAB eta STEILAS sindikatuok hezkuntza publikoko 4 sektoreetan: Haurreskolak, Heziketa Berezia, Irakasleak eta Sukalde eta garbiketa. Bide hau ez da erraza izan, eta sindikatu bakoitzak mobilizazio eta grebak bultzatzeko izan duen ekimena eta grina ere oso desberdina izan da une bakoitzean. Horrela, LABek hasieratik ez zuen ikusi hezkuntza publikoa ardatz eta murrizketa politikari aurre egitea oinarri zuen mobilizazio eta grebarik. Mobilizazio ziklo bakoitzaren ondoren, eta greben jarraipena oso handia izanagatik ere, grebak alde batera utzi nahi izan ditu, eta hala defendatu du hiru sindikatuon arteko bileretan. Mobilizazioetan egon bada, ELA eta STEILASen tinkotasunaren aurrean mobilizazioetatik kanpo geratu izana azaltzea zaila litzatekeelako izan da ziurrenik.

ELAren ustez, Haurreskoletan, Heziketa Berezian eta Sukalde eta Garbiketan mobilizazioak bertan behera uzteko eramandako prozesuak argi erakusten du LABek ez konfrontatzeko erabakia hartua zuela hasieratik. LABek prentsaurreko baten bidez jakinarazi zigun beste sindikatuoi eremu hauetan mobilizazioak bertan behera uzteko erabakia. Erabaki hura hartu zuenean, eta hiru sindikatuok martxoak 14 eta 15erako grebak erregistratu genituenetik, Jaurlaritzak ez zuen proposamen berririk egin. Era berean, eta mobilizazio eta greben jarraipena oso handia izaten ari zen. Langileek horrelakorik eskatu ez dutenean mobilizazioa bertan behera uzteko erabakia lantzea oso larria da, baita, erabaki hori justifikatzea gehiengoa duen eremuetan “ardura politikoz” jokatzen duela esanez ere.

STEILASekin adostasun maila handiak izan ditugu prozesu honetan, mobilizazio eta grebak Jaurlaritzarekin konfrontatu eta murrizketei aurre egiteko bide bezala ikusiz. LABek aurrez aipaturiko eremuetan mobilizazioa bertan behera uzteko erabakia hartu zuenetik, STEILASek ere, grebekin aurrera ez jarraitzeko erabakia hartu du.

Grebak gelditzeko arrazoia grebarik ez egitea izan da, inolaz ere eduki nahikoa izatea. Horretarako konplikatu zitezkeen gaiak negoziaziotik atera dituzte, kasu batzuetan Madrilen negoziatu behar zirela esan digute (eros ahalmenaren berreskurapena, baja osagarriak, erretiro primak…), edota, negoziazioaren abiapuntutzat, administrazioak alde bakarretik murriztutako lan baldintzak hartu eta murrizketa horiekiko edozein hobekuntza lorpen handi gisa juzkatu behar dela defendatzea (behin-behinekotasuna jaisteko eta kontsolidazio neurriak aztertzeko promesa hutsa, estrukturalak diren lanpostuak lanpostu zerrendan jasotze soila...). Eztabaidarako batzordeak sortzea lorpen gisa azaltzea onartezina da.

Horrela, azkeneko hilabeteetan, bai LAB eta bai STEILASek parte hartu dute Jaurlaritzak sindikatuok hitzartutako aldarrikapenei oso modu partzialean erantzunda hiru sindikatuon arteko frikzioak sortu eta mobilizazioa desaktibatzeko abian jarri dituen estrategietan. Esaterako, sindikatu batzuekin bakarrik egindako aldebiko bileretan parte hartzea, edota greba bezperetarako deitutako mahaien aitzakipean grebak bertan behera uztea.

Hala eta guztiz ere, mobilizazio eta grebek sekulako babesa izan dute langileen aldetik, eta ELAk langileak zoriondu nahi ditu horregatik. Zalantzarik gabe, Jaurlaritzaren hasierako proposamenetan aurrerapausoak egon dira eta hori mobilizazioari esker izan da. Ordezkapenak lehenengo egunetik egitea aldarrikapen garrantzitsua izan da, eta Jaurlaritzak mahai gainean jartzea lortu dugu.

Baina, hau horrela izanda ere, Hezkuntza publikoko lau eremuetan sinatu diren akordioek ez diote sektore hauetako arazo larriei erantzuten, ez eta murrizketak atzera botatzen ere, prekarietate egoerak mantenduko direlarik:

  • Behin-behinekotasun maila onartezinak izaten jarraituko dugu legealdi amaieran (% 40 Haurreskoletan, % 38 Heziketa Berezian, % 64 Sukalde eta garbiketan eta % 28 Irakasleetan).

  • EPEetan urte askotako behin-behinekoentzat kontsolidazioa ahalbideratuko duten formularik ez da aurreikusten, asko kalean geratzeko arriskuan egon daitezkeelarik. Hau larria da eremu guztietan, are gehiago sukalde eta garbiketa bezalako sektore batean, sektore feminizatua, batazbeste 50 urteko adina duten emakumeek osatua eta sektorearen % 90a pribatizatua dagoena.

  • Bajek zigortuta egoten jarraituko dute. Haurreskoletako, Heziketa Bereziko eta Sukalde eta Garbiketako akordioetan ez da gai hau jaso ere egiten. Irakasleetan inolako bermerik gabeko asmo soila jasotzeaz gain, Jaurlaritzak berak jakinarazi digu gai hau negoziatzeko asmoa irailera atzeratuko duela.

  • % 8 eta % 15 bitarteko eros ahalmenaren galera berreskuratzeko inolako planteamendurik ez da jasotzen.

  • Sektore feminizatuetan, soldata arrakalak bere horretan jarraituko du: hezkuntza laguntza espezialistek % 20ko soldata arrakala izaten jarraituko dute maisu-maistrekiko, Haurreskoletako hezitzaileek % 10ekoa eta sukalde eta garbiketako langileek funtzio publiko osoko kategoria baxuenaren araberako soldata izten jarraituko dute.

  • Gelako ikasle ratioa eta lan kargak arintzeko proposatutako Hezkuntza beharren indizea delakoa erabat zehaztugabe dago, ez dakigu indize hori nola kalkulatzen den ere. Beraz, Jaurlaritzak irizpide ekonomizisten araberako aplikazioa lehenetsi dezake.

Momentu honetan 2009an baino aberastasun gehiago sortzen dugu. Orduan CCOO eta UGTk gutxiengoan akordio txar bat itxi zuten gobernuarekin irakasleen eremuan. Orain, mobilizazioen ondoren, ordukoa baino akordio txarragoa sinatu dute.

Sindikatuon papera ezin da izan administrazioak aldebakarrez inposatzen dituen murrizketen zati txiki bat itzultzen dizutelako eskerrak ematea. Baizik eta bizi dugun eraso bortitzaren aurrean langileak antolatu eta borrokarako bide ematea.

ELAk konbikzio bat du: egindako mobilizazioek izugarrizko balioa dute, gobernua mugiaraztea lortu dugu, baina hezkuntza publikoak bizi dituen murrizketei erantzun askoz hobeago emateko neurriak eta gure aldarrikapenetatik gertuago zeuden edukiak lortzeko aukera zegoen, greba dinamikarekin jarraituz gero.

Beraz, fase bat ixten bada ere, ELAk hezkuntza publikoko sektore desberdinetako prekarietate egoera, arazo eta aldarrikapenei bide emateko beharrezkoa den mobilizazioa bultzatzen jarraituko du.