EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bidegabetzat jo du Deia-ko ERTEa

2021/07/16
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du ELAk Iparraguirre Argitaletxearen (EISA) plantillaren izenean aurkeztutako errekurtsoa, eta bidegabetzat jo du Deia egunkariko 117 langileek jasan behar izan zuten enplegu-erregulazioko espedientea.

Covid-19ak eragindako pandemiaren inpaktua zela-eta, EISAko langileek eta zuzendaritzak hiru hilabeteko ERTE bat adostu zuten 2020ko lehen seihilekoan, konfinamenduaren ondorioz egunkarien salmenten eta publizitatearen sarreraren murrizketa konpentsatzeko. Hala ere, ondoren, enpresak mahai gainean jarri zuen bost hilabeteko bigarren ERTE bat, langileek ontzat eman ez zutena, eta 2020ko urriaren 21etik 2021eko martxoaren 31ra bitartean gauzatu zena.

Bigarren enplegu-erregulazioko espediente horretan arrazoi ekonomikoak eta produktiboak alegatzen ziren, eta EISAko enpresa-batzordeak salatu zuen, ELAko bederatzi ordezkarik osatua. Bilboko 6. Epaitegiak epaia eman zuen 2021eko martxoan, eta baliozkotzat jo zuen eta ezetsi egin zuen langileen erreklamazioa; hau da enpresak, hilabete horietan zehar, plantillaren zati bat lanuztera bidali zuela, eta, aldi berean, produktu bera egiten jarraitu zuela, kanpoko kolaborazioetarako lan-karga handiagoarekin.
Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak epaiari buelta eman dio, adierazi baitu ERTEaren hilabeteetan eta aurreko urteko epe berean "ekoizpenari buruzko datuak ia antzekoak" zirela eta, gainera, plantillaren zati bat langabeziara bidali zen hilabeteetan "ekoizpen-jarduera ez zela murriztu, baina kanpokoa barnekoaren aldean kargatu zela". Ebazpen horrek indartu egiten ditu Deia-ko langileen argudioak, egunkarian baldintza prekarioetan lan egiten duten kanpoko langileen erabilera sistematikoa salatzen baitute.