EAEko langile publikoei erretiro primak aplikatzea eskatu du

2022/06/28
Eusko Jaurlaritzak bere 100.000 langileen erretiro primak etenda ditu 2011. urteaz geroztik, hitzarmenak eta Legebiltzarrak kontrakoa esanda ere. Gipuzkoako foru aldundiak eta udal batzuek erretiro primak alde bakarrez kentzeko mehatxua egin diete langileei. Gauzak horrela, langile publikoei erretiro primak aplikatzea exijitu die ELAk Eusko Jaurlaritzari zein Udal eta Foru alduendietako Gobernuei.

Azken egunotan, Gasteizko epaitegi batek zera ebatzi du hezkuntza publikoko irakasleen primen kasuan: 2011 geroztik borondatez aurre jubilatu diren irakasleek lan hitzarmenean jasota zuten erretiro prima jasotzeko eskubideari eusten diotela, eskubide hori etenda badute ere. Izan ere, epaiaren arabera, Legebiltzarrak primen etena bertan behera uzterakoan, irakasle horiek erretiro unean zegokien prima jasotzeko eskubidea dute.

Bestetik, 2018an Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari agindu zion bere menpeko esparruetan, alegia, Hezkuntzan, Osakidetzan, administrazio orokorrean eta Ertzaintzan bertan behera uzteko prima horiek jasotzeko eskubidearen etenaldia. Eusko Jaurlaritzak, ordea, Legebiltzarrak agindutakoari muzin egin, eta Lan Hitzarmenetan jasotako eskubidea bete gabe jarraitzen du.

Gainera, ELAk jakin duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak zein udal batzuek orain arte ordaintzen aritu diren eta dagozkien Lan Hitzarmenetan jasoko erretiro primak alde bakarrez kentzeko mehatxua egin diete langileei.

Sindikatuaren esanetan, EAEko sektore publikoko 140.000 langileen kontrako eraso berri baten aurrean gaude. “Negoziazio kolektibo bidez lortutako eskubidea kendu nahi dute Eusko Jaurlaritzak eta Udal zein Foru aldundietako gobernuek. Batzuek zuzen-zuzenean hitzarmenetatik eskubidea ezabatuz, besteek amaigabeko arau etenaldi bidez”, kexu da.

ELAk, juridikoki gertatzen dena gertatuta ere, argi dauka negoziazio kolektibo bidez lortutako eskubidea bete beharrekoa dela. Horregatik, juridikoki egon litezken aukerak aztertzeaz gain, bai Eusko Jaurlaritzari, bai udal eta Foru Administrazioetako gobernuei, bai Legebiltzarreko alderdiei EAEko sektore publikoan erretiro primak jasotzeko eskubidea aplikatzeko beharrezko neurriak hartzeko galdegiten die.