BIZKAIKO ERRESIDENTZIAK

Egonkortasuna, ordezkapenak lehen egunetik eta soldata igoerak, lehen greba eguneko aldarrikapen nagusiak

2023/04/21
Gaur hasi eta maiatzaren 3a arte luzatuko da greba deialdi berria. Sektoreko langileen % 80 greba eskubiderik gabe uzteko Idoia Mendiak hartutako erabakia salatu dute grebalariek Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean

Gaur, apirilak 21, Bizkaiko zahar etxeetako langileek maiatzaren 3ra arte deitutako 13 eguneko grebari hasiera eman diote. Greba egun horrekin, 40 egun baino gehiago daramatzate sektoreko hitzarmena berritzeko borrokan.

Lehen egunean, langileek manifestazioa egin dute Bilbon, Guggenheim Museoan hasi eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean amaitu dena. Bertan, Idoia Mendiak zuzentzen duen Lan Sailaren hipokrisia salatu dute. Izan ere, martxoaren 8a jaieguntzat jotzeko eskatzen duen bitartean eta soldata arrakala amaitu behar dela defendatzen duen arren, Sailak ez du ezer egiten hain feminizatuta eta prekarizatuta dagoen sektore bateko gatazka konpontzeko. Kontrara: kolektiboaren borroka ikusezin bihurtzeko eta neutralizatzeko neurriak baino ez ditu hartzen langileen % 80 baino gehiagori grebarako eskubidea eragotziz, gutxieneko gehiegizko zerbitzuekin.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa ere eskatu dute langileek, hitzarmenak oinarrizko gaiak berma ditzan, hala nola, enpleguaren egonkortasuna, lanaldi osoko lanaldiak, lehen egunetik bajen ordezkatzea, 60 urtetik gorakoei lanaldia murriztea, kontziliazioaren arloko hobekuntzak, eta soldaten igoera, GUFEko lankideekin parekatzeko.

Mobilizazioek asteburuan izango dute jarraipena, eta gatazka Bizkaiko beste egoitzetara eramango dute. Datorren astelehenean, apirilaren 24an, langileek Bilbon trafikoa hainbat gunetan etengo dute euren lantokietan bizi duten "kolapsoa" eta lan gainkarga irudikatzeko. Lau zutabetan abiatuko dira (Eitb, La Salve, Zabalburu, Deustu), 7: 30etik aurrera. Zutabe horiek 8: 45ean elkartuko dira Moyuan (grafikoentzako irudiak eta medioentzat adierazpenak), eta hortik Diputazioaren jauregi aurrera joango dira gosari kolektibo bat egiteko, mahaiekin eta abar (irudiak).