Eibarko Ospitale berriak ez du lanposturik sortuko eta ez du osasun zerbitzu berririk emango

2018/10/19
Eusko Jaurlaritzaren izenean Darpon sailburuak lau haizeetara iragarri du Eibarko Ospitalea laster batean irekiko dela. Hala ere, hitz eder horiek ez dute behar bezala islatzen benetako errealitatea. Orain dela egun gutxi, Darpon jaunak harrotasunez esan zuen ospitale berri horrek egiturazko 97 postu sorraraziko zituela. Hala ere, adierazpen horiek gezurrezko itxaropenak eta ilusioak sortuko ditu herritarrengan, Osakidetzaren benetako egoera ezkutatzen duten bitartean.

Darpon jaunak ez du esan 97 lanpostu sortuko direnik, baizik eta egiturazko 97 lanpostu. Hor, "egitura" hitza ez du txiripaz erabili, horretantxe dago koska. Nahikoa da datu bakan batzuk ematea horretaz konturatzeko:

Gaur egun Osakidetzaren plantillan 26.400 egiturazko postu daude, baina benetako plantillan 35.000 langile daude, horietatik 15.000 behin-behinekoak.

Horrela, Eibarko Ospitalea irekitzeak ez dio lanpostu berririk ekarriko plantillari; hurrengo EPEan 97 langile behin-behineko izatetik finko izatera aldatuko dira. Bestela esateko, 97 postu aldatuko dira plantilla funtzionaletik egiturazko plantillara.

Enplegua sortzeko termino errealetan, eragiketa horren saldo garbia 0 da; hau da, Osakidetzak 97 postu erregularizatuko ditu, orain arte behin-behineko kontratazioaz beterik zeudenak; baina ez da lanpostu berririk sortuko.

Eta, gainera, esan behar dugu egonkortasuna edo finkotasuna eskaintzeko ekimen hori ez datorrela onberatasunetik, baizik eta Osakidetzako Zuzendaritza hartara beharturik egon dela, EAEko Auzitegi Nagusiaren edo Auzitegi Gorenaren epaien sendotasunagatik. Hain goi-mailako auzitegi horiek behin eta berriz ebatzi dute Osakidetzak gehiegizko erabilera egiten duela behin-behineko kontratuez, zuzenbidearen aurkako erabilera. Osakidetzan ez da hain bitxia egoera kafkiano batzuk gertatzea, hala nola, langileak erretiro-adinera heldu eta oraindik behin-behinekoak izatea edo langile bakar batek 200 kontratu metatzea hiru urteko epean.

Ospitaleko pertsonala etorkizunean kontratatzeko erabiliko diren irizpideei bagagozkie, Osakidetzak, ohiko jardunbideari jarraikiz, ezer gutxi adierazi digu. Baina orain arte jakin ahal izan dugunaren arabera ez dirudi borondate handirik dutenik enplegu publikoaren legeetan ezarrita dagoena betetzeko, ezta behin-behineko kontratazioaren edo negoziazio kolektiboaren akordioak betetzeko ere. ELAren izenean eskatzen dugu indarrean dagoen legeria errespetatzeko, eta gardentasuna eta aukera-berdintasuna bermatzeko.

Zerbitzuen azpikontratazioa dela-eta, Debabarrenako ESIko Zuzendaritzak ziurtatu digu ez dela zerbitzurik azpikontratatu, eta ez dagoela aurreikusita horrelakorik. Poztu gara hori jakitean, eta hala izatea espero dugu.

Dena dela, hori hala bada, ez da Osakidetzako oraingo Zuzendaritza zerbitzuaren izaera publikoaz sinetsita dagoelako, eta horren alde gogotsu agertzen delako; baizik eta azken urteotan sindikatuen presio handia jasan duelako, eta epaileen aginduz zerbitzu batzuk enpresa pribatuen eskuetan uzterik ez dutelako.

Eta azkenik, ospitale berriak eskainiko dituen zerbitzuei buruz oso kezkaturik gaude Eibarko eta Ermuko PACetan gertatzen ari denaz.

Zentro horietako plantillaren zati bat lekuz aldatuko dute Eibarko Ospitale berrira, lan-baldintzak nabarmen aldatuz; eta orain PAC horietan ematen den zerbitzua laster batean ospitale berrian emango da oso-osorik, eta oraingo instalazioak itxi. Hori dela-eta, lanpostu batzuk suntsituko dira, eta herritarrei eskaintzen zaien osasun-zerbitzua murriztuko.

Horrela ez da arinduko beste osasun-zentro batzuetako kolapsoa, eta ez da bukatuko osasun-zerbitzu asko zentro pribatuetara azpikontratatzearekin. Eta azpikontratazio hori praktikan zerbitzu horiek pribatizatzea da, ez da hobetzen zerbitzuen kalitatea, eta gainera milioi askotako gastua izaten da diru-kutxa publikoetarako.