Ekainaren 17an lanuztea Osakidetzako Lehen Arretan

ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT eta ESKren oharra:
Osasun zentroetako eguneroko jardueran pairatzen duten egoera jasanezina salatzeko asmoz Lehen Arretako langileek bi greba egin dituzte jada. Bada, oraindik ere Osakidetzak ez du neurri zehatz bakar bat ere proposatu egoera honi irtenbidea emateko.
Apirilaren 12tik Osakidetzak birritan deitu du mahai sektoriala. Bi bilera horiek nahiko argigarriak izan dira: Osakidetzak ez du inogo asmorik epe laburrean Lehen Arretaren egoera larriari heltzeko. Osakidetzak plantilla desmobilizatu nahi du, besterik ez.
Hori gutxi balitz, ekainaren 4rako deitutako mahaia bertan behera utzi zuen, aldebakarrez eta horretarako arrazoirik eman gabe. Negoziazioa geldiarazi du eta negoziatzeko borondate eza agertu du. Bere helburu bakarra erabakiak atzeratzea da, gatazkari benetako konponbideak bilatu beharrean.
Neurri zehatzak proposatu beharrean, orokorrak proposatu ditu. Baina Lehen Arretan ez da behar asmo oneko adierazpenik, etorkizuna bermatzeko ganorazko konponbideak baizik.
Hori horrela izanik, Osakidetzaren planteamenduek berretsi egin dute greba dela irtenbide bakarra. Osakidetzak greba indargabetu nahi du; baina gauza bat gero eta argiago dago: mobilizaziorik gabe ez da politika-aldaketarik izango, ezta konponbiderik ere.
Badakigu, gainera, udan, egoerak txarrera egingo duela. Hala era, Osakidetzak planteatzen duen konponbide bakarra osasun zentroetako ordutegia murriztea da. Horrela, gizarteari eskaintzen zaion zerbitzua murrizteaz gain, arazoa beste toki batera eramatea baino ez da lortuko, hain zuzen ere, EAG eta ospitaletako larrialdietara.
Egoera honen aurrean, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK-k greba deitu dute ekainaren 17rako, eta Lehen Arreta Plataformarekin batera, Osakidetzako Lehen Arretako langileei mobilizatzeko deia egin diete.
Era beran, ekainaren 17an, goizeko 12tan, Gasteizko Bilbo Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera ere deitu dituzte.
Langileez aparte, biztanleriari ere parte hartzeko deia egin diete, osasungintza publikoa eta Lehen Arreta aldarrikatu eta defendatzeko.
Egoera honi buelta emateko aukera bakarra mobilizazioa da. Osakidetzak bizi duen egoera larriak berehalako neurri sendoak eskatzen ditu. Mobilizazioa beharrezkoa da egoera hau aldatzeko, horretarako tresna erabilgarri eta eraginkor bakarra den heinean.
Lehen Arretan lan egiten duten kolektibo guztientzat eskatutako aldarrikapenei irmo eutsiko diete sindikatuek.