ELA-Ertzaintzak argi utzi nahi du ERNEko ordezkariaren atzoko adierazpenak ez zeudela ELArekin adostuta

2018/03/02
ELA-Ertzaintzak argi utzi nahi du ERNEko ordezkariaren adierazpenak ez zeudela ELArekin adostuta. ELA-Ertzaintzaren protesta eredua ez da taldeka baja medikua hartzea, ez formagatik, ezta horrek zerbitzuan eta ardura hori beren gain hartu beharko luketen ertzainengan izango lituzkeen eraginengatik ere.

Gasteizen Ertzaintzan egin diren murrizketa laboralak salatzeko (horretarako bakarrik) deituta zegoen protesta ekitaldi baten inguruan gertatu zena ikusirik, ELA-Ertzaintzak honakoa adierazi nahi du:

ELA-Ertzaintzak ia lau urte daramatza Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzeak egiten, salatzeko Eusko Jaurlaritzaren murrizketa politika eta beronek funtsezko gaietan -esaterako, ertzainen osasunean- dituen ondorio larriak; halaber, negoziazioa eta Sailarekiko akordioak ere galdegiten ditu egoera hau errotik aldarazteko. Sailaren erantzuna: murrizketa eta inposizio gehiago.

ELA-Ertzaintzak argi utzi nahi du ERNEko ordezkariaren adierazpenak ez zeudela ELArekin adostuta. ELA-Ertzaintzaren protesta eredua ez da taldeka baja medikua hartzea, ez formagatik, ezta horrek zerbitzuan eta ardura hori beren gain hartu beharko luketen ertzainengan izango lituzkeen eraginengatik ere.

Ertzaintzak pairatzen dituen lan baldintza txarrengatik ardura politikoak eskatzea baino askoz gehiago egin zen. Protesta modu hori ez zegoen aurrez hitz eginda, eta ELA ez dago ados gertatutakoarekin. ELAren deialdia zen duela ia lau urte Legebiltzarrean egiten ari den protesta egiteko; orain arte sekula ez zen beharrezkoa izan inolako kordoi polizialik protesta egiten dutenak eta arduradun politikoak bereizteko.

Halaber, ez dugu onartzen herritarrek hautatutako ordezkari zilegi direnak iraintzea; uste dugu oso larriak direla Jone Goirizelaia legebiltzarkideari botatako irainak, zergatik eta Iñigo Cabacasen senideen abokatua delako, besterik gabe. Halako irainek ekintza polizial baten ondorioz hildako pertsona baten familiarekiko umiliazioa eragiten dute.

Datorren astean ELAk txosten bat egingo du Ertzaintzako lan baldintzei buruz, eta hauek defenditzen dugun polizia-eredu demokratikoan duten ondorio larriez. Balorazio hori Ertzaintzaren Kontseiluari helaraziko diogu.