Greba Bilboko Udalaren 010 zerbitzuan

2019/05/13
Bilboko Udalaren 010 zerbitzua eskaintzen duten langileak grebara doaz euren lan baldintzen hobekuntza exijitzeko. Zerbitzu publikoa kudeatzeko ardura duen enpresa Lanalden S.A. da.

Opor egunak hartzeko antolakuntzan hobekuntzak izatea eskatzen dute langileek, soldata igoerak eta zerbitzua eskaintzeko langile bat gehiago lortzea. Horren alde borrokatzeko greba egunak deituta dituzte maiatzaren 13,14, 20 eta 21erako.

Enpresak ez du negoziaziorako asmorik erakutsi. Hasiera batean negoziazio bilerak izateari uko egin zion, baina lehen greba deia egindakoan bilera bat izatea onartu zuten. Bertan jakinarazi zuten euren irabazi ekonomikoek ez dutela ahalbidetzen baldintzak hobetzea eta, beraz, negoziatzeko aukerarik ez dela.

Eurek luzatutako dokumentuak aztertuta, eta Udalak enpresari ordaintzen diona kontrastatuta, ordea, argi ikusten dugu langileen eskaerak aintzat hartzeko gaitasuna badutela.

Udalak bere aldetik, zerbitzuaren ardura duen sailaren bidez, langile eta sindikatuko ordezkariekin batzeari bizkar eman dio. Are gehiago, azpimarratu du gatazka hau ez dela Udalarena, enpresa eta langileena baizik.

Arduragabekeria deritzogu 010 zerbitzuan gertatzen ari denari irtenbiderik bilatu nahi ez izatea. Izan ere, Udalak pliegoen esleipena egitean prezioa igotzea onartu arren, gerora diru publikoaren erabileraren kontrolik ez baita egiten. Esleipenaren prezioa hazi arren ez du langileengan eragiten eta ez da zerbitzua hobetzeko langile gehiago kontratatzen.

Bilboko herritarrei jakinarazten diegu greba egunetan, eta goian aipatutako arrazoiak medio, ez dugula zerbitzurik eskainiko; bide beretik, sortutako eragozpenengatik barkamena eskatzen diegu. Edozein kasutan argi daukagu arazo honen erantzulea Bilboko Udala eta Lanalden direla.