Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileen bigarren lanuzteak jarraipen zabala izan du

2018/12/11
Hiru orduko lanuztearen ondoren, abenduaren 19an egun osoko greba deitu dute STEILASek eta ELAk. Gogoratu, bi sindikatuok kudeaketa langileen aldarrikapenak babestuz pasa den abenduaren 4an mobilizazioekin hasi ginela. %75etik gorako jarraipena izan du lanuzteak.

STEILAS eta ELAren agiria:

Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileek urteak daramatzate lan baldintza prekario eta onartezinetan lanean: ez dute lanpostu zerrendarik; %100 behin-behinekoak dira; ordezkapenak bete beharrean langileak arlo batetik bestera mugitzen dituzte lan zama jasanezinak eraginez; Hezkuntza Sailarekiko, bataz beste, 2 kategoriako aldea dute honek sortzen duen soldata arrakalarekin, etab.

Urteetan zehar izan duten ziurgabetasuna izugarria izan da eta baldintza hobeak dituen beste lanpostu bat bilatzera bultzatu ditu; azken urte erdian, batez beste, 25 langileetatik 16k bere lanpostua utzi dute Haurreskolak Partzuergoan, alegia, langileen %64ak. Kopuru hau izugarria da!

2018ko martxoan Haurreskolak Partzuergoak LAB sindikatuarekin sinatutako akordioak kudeaketa langileen lanpostuen zerrendaren, LEP prozesuaren eta ordezkoen eta barne-promozio araudien negoziazioak jasotzen zituen.

Baina zehaztapen ezak langile hauen lanpostuak kolokan jarri zituen. Akordioa sinatu zenetik ia 9 hilabete pasa direnean, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak langile hauen lan baldintzak hobetzeko aurrerapausorik eman gabe jarraitzen dute, inongo lanketa eta negoziazio sakonik burutu gabe oraindik.

Honakoak dira kudeaketa langileen aldarrikapenak:

  • Lanpostu zerrenda duina osatu.
  • Kategoria eta soldatak Hezkuntza Sailarekin parekatu.
  • Ordezkoen araudi propioa sortu.
  • Gaur egungo langileak finkatzeko LEP prozesua garatu.

Mobilizazio, lanuzte eta greba deialdiek sortu duten presioaren ondorioz, Haurreskolak Partzuergoa gai honen inguruan negoziatzeko mahai negoziatzailea deitzera behartu dugu. Horri esker, bilera dago deituta abenduaren 14an. Mahai horretara langile hauen lan baldintzak duinduko dituen proposamen serio bat eramatea exijitzen diogu Haurreskolak Partzuergoari; horrela izan ezean greba eta mobilizazioekin jarraituko baitugu.

Bestetik, Haurreskolak Partzuergoari eta LAB sindikatuari STEILAS eta ELAren eskubide sindikalak eta negoziazio kolektiborako eskubidea behingoz errespetatzea exijitzen diegu; baita kudeaketa langileen lan baldintzen negoziaketa osoa mahai negoziatzailera eramatea ere.