ESPETXEETAKO AKORDIOA (EAE)

Akordioak transferitutako langileen eta kontratazio berrien arteko diskriminazioa iraunarazten due eta ez du bermatzen peonaden amaiera

2025/07/09
Eusko Jaurlaritzak, CCOOk eta UGT-ACAIPek uztailaren 8an gutxiengoan akordioa sinatu zuten. Akordioak urtarrileko eta ekaineko lanuzteetan aldarrikatutako edukiak kanpoan uzten ditu, eta ez ditu inondik ere EAEko espetxeetako egiturazko arazoak konpontzen. Akordioa bost urterako izango da.

Akordioak ez die heltzen espetxeetako langileen arazoei. Akordioak, gainera, ez du konpromisorik hartzen “peonadekin” amaitzeko eta plantillaren kudeaketa egokia bermatzeko, ELAk sarritan salatu duen bezala.

ELAk onartezintzat jo du kartzelako lanaren balorazio egoki bati uko egitea, langileen soldatak behar bezala konpentsatu daitezen. Zentzu berean, onartezina da ere 1592 orduko lanaldia sinatzea ordutegi bereziak dituen kolektibo batentzat, eta ondorioz, uko egitea iaz sindikatu guztiek eta Administrazioak berak 1450 orduko ordutegi bereziak dituzten kolektiboentzat sinatutako akordioari.

Gainera, testuak negoziaziotik kanpo uzten ditu ordutegiak eta kadentziak. Horiek zirkular baten bidez arautuko dira, eta zirkular horrek Administrazioaren esku uzten du komeni zaiona ezartzea. Sindikatuen ikuspegitik onartezina da lagapen hori.

Era berean, akordioak eskala bikoitza ezartzen du plantillan. Eskala hori desberdina izango da transferitutako langileentzat eta gainerakoentzat, eta hori guztiz onartezina da. Lehenengoek bide judizialean jarraituko baitute atseden bereziko baimenaz baliatzen, eta gainerakoei, berriz, ez zaie parekagarria den ezer eskeiniko.

Akordio honek kanpoan uzten ditu ere Aukerak-Birgizarteratze Agentziako langileak, eta abandonatuta uzten ditu administrazioko, zerbitzuetako eta tratamenduko langileak.

ELAk ezin du onartu lan beragatik langileriaren zati batek beste batek baino baldintza kaltegarriagoak izatea.

Azkenik, adierazi behar da murriztu edo ezabatu egiten direla Administrazio Orokorraren gainerako eremuetan langileei onartzen zaizkien berme juridikoak, batez ere behin-behineko langileentzat (ordainsari-bermeak, segurtasun juridikoa, besteak beste).

Horregatik guztiagatik, ELAk, orain arte bezala, langile guztien interesak defendatzen jarraituko du, espetxe-lana bere dimentsio osoan aintzat hartu eta baloratuko duen akordio bat lortu arte, greba-egunetan aldarrikatu genuen bezala.