ELA-Gizalan federazioa buru belarri arituko da enplegu publikoa kontsolidatzeko eta zaintza lanak duintzeko

2022/06/15
Gizalaneko 219 ordezkarik Igor Eizagirre berrautatu dute federazioko idazkari nagusi gisa gaur Burlatan egindako kongresuan, %94ko babesarekin. Mitxel Lakuntzak azpimarratu du benetako kontsolidazio prozesuak eta fiskalitate aldaketa behar direla zerbitzu publikoak defendatzeko. ELA-Gizalan federazioak Burlatako (Nafarroa) Kultur Etxean egin duen kongresuan, lau ebazpen onartu ditu, horien artean honako hauek: euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea aldarrikatzen duena; zerbitzu publiko unibertsalak, doakoak eta kalitatezkoak bermatzea aldarrikatzen duena (arreta berezia jarriz zaintza sektoreetan), eta sortzen diren lan gatazka ugariren lanketa sistematikoa proposatzen duena.

Era berean, federazioaren idazkaritza ere berritu da. Gizalanen 33.676 afiliatu daude, horietatik %66,9 dira emakumeak. Bada, kongresuan parte hartu duten 219 ordezkarik etorkizunera begira ezarritako lan ildoak babestu dituzte, eta Igor Eizagirre idazkari nagusi gisa berrautatu dute, aldeko botoen %94ko babesarekin,

Batzorde Iraunkorreko beste hamaika lagunekin batera. Honako erantzukizun hauek izango dituzte:

⦁    Igor Eizagirre Alza: idazkari nagusia
⦁    Iratxe Mier Villarias: antolakuntza. Bilboko koordinazioa
⦁    Esther Saavedra Sanmiguel: Osakidetza
⦁    Miren Zubizarreta Juaristi: Hezkuntza.
⦁    Ane Bilbao Alzelai: Hezkuntza (Planifikazioa)
⦁    Eba Arrieta Insausti: Autonomoa, Estatua eta Justizia
⦁    Urdax Bañuelos Ruiz de Erentxun: Gasteiz
⦁    Aintzane Orbegozo Zigaran: Gipuzkoa (Udal-Foru eta Soziosanitarioan)
⦁    Txomin Lasa Ormaetxea: Donostia eta Soziosanitarioa
⦁    Julio Fombellida Fernández: Bizkaia (Udal-Foru eta Soziosanitarioan)
⦁    Izai Bujanda Cambra: Nafarroa
⦁    Uxue Mingo Arruabarrena: Genero Ekitatea. Garraioa eta Komunikazioa

Prekaritatea sektore publikoan

Kargua berretsi berritan, Igor Eizagirrek azpimarratu du “Gizalan federazioa Zerbitzu Publikoen defentsan murgilduta dagoela: ia sektore guztietan ari gara mobilizazioak bultzatzen, hala nola osasungintzan, hezkuntzan, zein zaintza sektoreetan, besteak beste. Gaur, inoiz baino gehiago, prekaritatearen aurkako borroka erdigunean jartzea eta enplegu publikoa defendatzea hartu dugu helburu, horixe baita zerbitzu publikoen kalitatea bermatzeko modu bakarra”.

Aldi berean, Eizagirrek berretsi du zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoen aldeko apustua: “Helburu horrekin, HEL bat planteatuko dugu eta, bitartean, lantokiz lantoki borrokatzen jarraituko dugu bizi eta lan baldintzak hobetzeko”.

Fiskalitatea eta kontsolidazioa

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ere bat egin du zerbitzu publikoen defentsan, kongresuan egindako hitzartzean. Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak kontsolidazio prozesuei bizkar ematea leporatu die, milaka langile geratuko direlako kontsolidazio prozesu horietatik kanpo. “Nafarroan, esaterako, sektore publikoan behin-behinekotasunean dauden 10 langiletik 8k egoera horretan jarraituko dute”. Gainera, ziurtatu du Osasungintzako profesional eskasia Iruñeko eta Gasteizko gobernuen planifikazio faltaren ondorio dela, ELAK urteak daramatzana saltzen eta ohartarazten, eta Hezkuntzako egoera ere gaitzetsi du. EAEko sindikatuen eta Jaurlaritzaren arteko akordioa “zehaztasunik gabea” izateaz gain, hobekuntzarik apenas ekarriko duela ziurtatu du: “39 ikasgeleko irakasle bat gehiago izatea ekarriko du akordioak. Hori da hainbesteko sona mediatiko eta politikoarekin iragarritako akordioaren errealitatea”. 13.000 irakasle egonkortu gabe geratuko baitira.

Horrekin bat, idazkari nagusiak adierazi du, zerbitzu publikoak defendatu nahi badira, fiskalitatea aldatu behar dela. “Ogasuneko arduradunek ez dute neurri bakar bat ere hartu enpresen etekin lotsagarriei mugak jartzeko. Eta alderdiak, denak berdinak ez direla jakinda ere, ikusten duguna da inork ere ez duela akordioetan fikalitateari buruz hitz egiten; adostasuna dago fiskalitatea ez igotzeko. Praktikan ezkerreko politikak falta baitira akordio horietan”. Horregatik, Lakuntzak eskatu du enpresen etekinentzako %25 gutxieneko zerga. “Gure proposamena onartuko balitz, 2.300 milioi jasoko lirateke EAEn, 1.200 milioi Nafarroan. Zerbitzu publikoak indartzeko balioko luketenak”.

Egoera horren aurrean, akordio onak lortzeko mobilizazioaren eta grebaren garrantzia azpimarratu du Lakuntzak. “Borroka sindikalik eta sozialik gabe, nekez lor daitezke akordio onak”. Are gehiago sektore feminizatuetan. “Greba eta borroka feministak indar guztiarekin hauspotu behar ditugu”. Guztia lan baldintzak hobetzeko, berdintasunaren bidean, eta langileen erosahalmena eta soldatak defendatzeko.