Gipuzkoako erresidentzietan 62 greba egun egin ostean Diputazioak eta patronalek arduragabekeriaz jokatzen jarraitzen dute

2019/05/10
Gipuzkoako erresidentzietako ELAko langileek 62. greba eguna bete dute, deialdi honetako azkena. Gogoratu apirilaren 26tik maiatzaren 10era deitu zutela azken greba txanda. Bukaerako ekitaldia Ordizian egin dute, Goierri guztian zehar informazioa banatzen egon ondoren.

Azken greba egunetan Gipuzkoako herri nagusietan 280.000 eskuorrien banaketa masiboa egin dute langileek, ezinbestekoa baita gipuzkoarrek gatazkaren nondik- norakoak gertutik ezagutzea.

ELAko langileek argi salatu nahi izan dute gaur arte ez dela borondate aldaketarik egon ez patronaletan ezta Diputazioan aldetik ere. Arduragabekeria larria da hau, sektore honek dituen gabeziek ondorio larriak dituztelako egoiliar, familiar eta langileentzat.

"Gaur bukatzen den grebaldi berri honetan, grebalariak indartsu eta gogoz gaude. Argi daukagu ez dugula atzera pausorik egingo eta hurrengo asteetako bilera eta batzarretan erabakiko dugu zeintzuk izango diren hurrengo greba eta mobilizazio deialdiak", baieztatu dute langileek Ordizian egindako agerraldian.