FUNTZIO PUBLIKOAREN MAHAI OROKORRA

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTek Eusko Jaurlaritzaren autoritarismoa salatu dute

2025/02/04
Eusko Jaurlaritzak negoziatzeko eta akordioak lortzeko benetako borondatea duela adierazi arren, ez da joan ELAk deitutako Mahai Orokorraren bilerara, eta lan-egutegi bat defendatu du, lau hilean behin bilera bat egitea planteatzen duena.

Azken gertakariak eta egungo egoera ikusita, ELA sindikatuak Mahai Orokorreko deialdia egin zuen otsailaren 03rako, 15:30ean, LHKren Bilboko egoitzan. Bilera horretara foro hori osatzen duten kide guztiak deitu zituen sindikatuak, hau da, Eusko Jaurlaritza eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuak.

Deitutako bilerara Mahai Orokorra osatzen duten 4 sindikatuak joan dira. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, ordea, ez dira bertaratu.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Gobernuaren autoritarismoa eta borondate falta salatu nahi dituzte. Erakutsitako jarrera ikusita, badirudi Eusko Jaurlaritzak bakarrik duela legitimitatea negoziazio-esparru hau deitzeko. Azpimarratu beharra dago sindikatuak esparru horretako kide legitimoak direla ere. Beraz, badirudi Jaurlaritzak hala erabakitzen duenean baino ezin dela hitz egin eta negoziatu. Era berean, edukiak dira, alde bakarrez, Jaurlaritzak gai-zerrendan sartzen dituenak.

Jaurlaritzak adierazi du deitutako bilerara joateari uko egin diola azken bileran, azaroaren 27an, martxoaren 18rako ezarri zuelako hurrengo bilera. Adierazi du, halaber, bilera horretan Administrazioak ezarri nahi duen dinamika berriaren berri eman zela. Era berean, sindikatuek ustez onartutako egutegi bat aipatzen du.

Horri dagokionez, azpimarratu behar da Administrazioak berak ezarritako dinamika eta egutegi baten aurrean gaudela. Ez da sindikatuekin adostutako planteamendua, Administrazioak mahai gainean jartzen duen aldebakarreko planteamendua baizik. Aldebakarreko planteamendua izateaz gain, Administrazioak hain zurruna eta murriztailea izatea nahi du, ezen jada ezarritako datetara mugatu behar diren bilerak. Gertatzen dena gertatzen dela, ezinezkoa da bilera-deialdia egitea egutegi horretatik kanpo. Are gutxiago sindikatu batek egitea deialdia.

Gobernuak adierazi du prest dagoela hitz egiteko eta akordioak lortzeko. Hala ere, ez dirudi oso kongruentea negoziazio borondatea aldarrikatzea eta gero Mahaiko kide batek deitutako bilera batera ez joatea. Era berean, ezin da esan Mahaiak aurrera egiteko eta edukiak emateko benetako borondatea dagoenik, Administrazioak lau hilean behin bilera bat egitea planteatzen duenean.

Azaldutako guztiagatik, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Mahai Orokorraren premiazko deialdia egiteko eskatu diote Jaurlaritzari, sindikatuek eskatutako gaiak barneratuz. Ez da onargarria Administrazioa deitutako bilerara joan ez izana eta sindikatuek oraindik hilabete eta erdi itxaron behar izatea.