SEKTORE PUBLIKOA

ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek martxoaren 12ko greba erregistratu dute

2024/02/28
ELAk, LABek, CCOOk, Steilasek eta ESK-k (% 80ko ordezkaritza dute EAEko sektore publikoan) martxoaren 12ko greba erregistratu dute. Iragarri zutenetik bi aste igaro direnean, ez Eusko Jaurlaritza, ez EUDEL, ezta Gobernuak Estatuan duen ordezkaria ere –sektoreko lan baldintzen ardura duten erakundeak- ez dira sindikatuekin harremanetan jarri grebaren arrazoiez hitz egiteko. Erregistroaz gain, elkarretaratzeak egin dira Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Gasteizko Santiago Ospitalean.

Sindikatuek deitoratu dute erakundeek inoiz baino diru gehiago bildu dutela eta aurrekontu superabita lortu dutela, baina behin-behinekotasunak muga historikoa gainditu duela (% 44); hori guztia, azken bi urteetan erosahalmenaren galera %8tik gorakoa izan denean. "Ez dute inolako borondaterik zerbitzu publikoen eta horiek ahalbidetzen dituzten pertsonen alde egiteko", salatu dute.

Egoera hori aldatzeko eta greba prestatzen jarraitzeko, ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek martxoaren 5ean lantokietan `Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu' lelopean kontzentratzeko deia egin diete EAEko sektore publikoko langileei. Horrela, grebari babesa emateaz gain, erakundeei eskatuko diete beren eremuan zerbitzu publikoen eta hori ahalbidetzen duten langileen aldeko apustua egin dezatela. Zehazki, honako eskaera hauekin:

  • Estatutik datozen mugak ez onartzea, Madrilen inposiziorik eta betorik gabe.
  • %10eko soldata igoera, eta aurreko zorra berreskuratzeko konpromisoa.
  • Pribatizazioari atea itxi eta publifikazio planak adostea.
  • Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna %8tik behera kokatuz.
  • Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.
  • Politika feministak, berdintasun plan erreal eta eraginkorrak adostea.
  • Administrazioak eta langileak euskalduntzea
  • Jardunaldiaren murrizketa, 32 orduko lan astearen norabidean ipintzea.