ELA, SATSE eta SAE sindikatuek lau eguneko greba deialdia egin dute Bilboko IMQ Zorrotzaurre klinikan

2021/03/01
Hitzarmenaren negoziazioa blokeatu ondoren eta IMQ Zorrotzaurren enpresa-batzordeak planteatutako gutxienekoak bermatu gabe, langileak beren hitzarmenaren alde mobilizatuko dira. Grebak martxoaren 18 ,22 ,23 eta 24an izango dira.

ELAk, SATSEk eta SAEk, IMQ Zorrotzaurre klinikako Enpresa Batzordean ordezkaritza %100ean duten sindikatuek, hitzarmenaren negoziazioa blokeatu egin dela salatu dute, elkarrizketak hasi zirenetik bi urte inguru igaro ondoren. Enpresak, bizi duen ziurgabetasun egoera eta COVID19aren pandemia argudiatuz, langileen lan-baldintzak eta soldatak izoztuta izan ditu bi urtez. Joan den otsailaren 8an, enpresa-batzordeak bere azken plataforma aurkeztu zion negoziazio-batzordeari: gutxienekoen plataforma bat, IMQ Zorrotzaurre klinikako hitzarmen kolektiboa sinatzea ekarriko zuen aurre-akordioa lortzeko.

Enpresa-batzordeak proposatutako gutxienekoen proposamenak bi helburu ditu: hitzarmenaren lan-erreforma ezabatzea eta soldaten erosahalmena bermatzea. Hala ere, enpresak erosteko ahalmena galtzea da batzordeak planteatutako gutxienekoei emandako erantzuna, KPIaren azpiko soldata-igoerak proposatzen baititu eta ez baititu jasotzen batzordeak eskatutako lan-erreforma ez aplikatzeko bermeak, IMQ taldeak bizi duen ziurgabetasunaren aurrean inoiz baino beharrezkoagoak baitira berme horiek.

Hiru sindikatuentzat beharrezkoa da enpresak errektifikatzea eta enpresa-batzordeak aho batez proposatutako gutxienekoen proposamena berriz aztertzea. Otsailaren 25ean, IMQ Zorrotzaurre klinikako langileen batzarrak mobilizatzeko erabakia babestu zuen. Erabaki hori hiru sindikatuek hartu zuten, enpresak gutxienekoen proposamena aintzat hartzeari uko egin ziola jakin zutenean.

"Gure hitzarmenaren defentsan, IMQ negoziazioaren alde" lelopean mobilizazioak hasiko dira martxoaren lehen astetik aurrera. Zehazki, martxoaren 2an, langileek elkarretaratzea egingo dute Zorrotzaurre klinikako sarrerako atean, 14:00etatik aurrera; Martxoaren 16an auto karabana bat ibiliko da Bilboko kaleetan eta martxoaren 18,22,23 eta 24an lanaldi osoko greba. Mobilizazioa eta grebak areagotuz joango dira enpresak ez badio behar bezala erantzuten batzordeak aurkeztutako plataformari.