ELA, SATSE,LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek mobilizazio berriak deitu dituzte ostegun honetarako Osakidetzan

Ildo beretik, urrats zehatzak eta irmoak eskatzeko, eta Osasun Sailaren erantzunik jaso ez denez, elkarretaratze berriak deitu dituzte uztailaren 9rako, 18:00etan, Bilbon (Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Gran Via 85), Donostian (Boulebardeko kioskoan) eta Gasteizen (Olagibeleko Osasun Zentroaren aurrean). Osakidetzako langileei eta herritarrei parte hartzeko gonbita egin diete, "ongizate kolektiboko tresna den osasun publikoaren defentsan”. Herritar guztien ongizatea bermatzeko Osakidetza hori denon artean indartu eta garatu behar dela azpimarratu dute sindikatuek. Gehitu dutenez, koronabirusaren krisiak agerian utzi du, inoiz baino gehiago, zerbitzu publikoen garrantzia, eta, zehazki, osasun publikoarena.
Sindikatuak kezkatuta daude. Salatu dutenez, azken urteotan “osasuna negozio iturri bihurtu da batzuentzat”. Hala, osasun publikoa ahuldu dela azpimarratu dute, eta horren ondorioak agerikoak izan direla osasun-krisi honi aurre egiteko orduan. Gehitu dutenez, langileen ahalegina eta inplikazioa izan da osasun-sistemaren gabeziak arintzea lortu duena. "Langileek guztiz salbuespenezko baldintzetan egin dute lan: lan-karga onartezinak; babes-neurrien falta kezkagarria. Gainera, langile gutxirekin osatutako ekipoetan egin behar izan dute lan Osakidetzak ez baitie baliabide egokirik eta nahikorik eman krisiari aurre egiteko".
Horren ondorioz langileak akitu direla salatu dute, fisikoki eta psikologikoki. “Ikusi besterik ez dago profesional bat hil dela, eta 2.000 profesional baino gehiago kutsatuta daudela, babes-neurririk ez izateagatik”. Positibo horiek EAEko positibo guztien %18 izan dira, eta ESI batzuetan plantilla osoaren %20 izatera iritsi dira.
Gauzak horrela, sindikatuek argi ikusten dute Eusko Jaurlaritzaren murrizketa-politikek euskal osasun publikoaren pixkanakako ahultze kezkagarria eragin dutela. “Aurrekontu-partidak EBko batez bestekotik beherakoak dira; enplegua suntsitu da; egiturazko plantilla oso urria da; kontratazioaren gehiegizko eta iruzurrezko erabilera etengabekoa izan da; lan-eskubideak murriztu dira; pribatizazioak gertatu dira; lan-karga onartezinak asumitu dituzte…”
Hori dela eta, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK-k berriro eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari, “premiaz eta atzerapenik gabe”, errotik alda ditzatela osasun-arloko politika publikoak, eta neurri hauek har ditzatela:
- Osasun publikorako aurrekontu-partida bat, EBko batez bestekoarekin parekatuko dena.
- Enpleguaren arloan:
- Plantilla handitzea, iruzurrean ezkutatuta dauden enpleguak egiturazko plantillan txertatuz.
- Plantilla egonkortuko duten eta Osakidetzak diru publikoarekin prestatutako profesionalen ihesa saihestuko duten behin-behineko langileak sendotzea.
- Murrizketa guztiak lehengoratzea: erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala, erretiro aurreratuaren primak.
- Zerbitzu pribatizatuak arlo publikora itzultzea, dagoen enplegua galdu gabe.
- Plantillaren osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak, bai koronabirusaren berragertze baten aurrean, bai haren eguneroko lanean: kategoria guztietarako babes-material nahikoa eta egokia; arreta-maila guztietako lan-arriskuak baloratzea eta prebentzio eta babes neurriak hartzea; arrisku psikosozialak ebaluatzea, lan-kargen ondoriozkoak barne, eta neurri zuzentzaileak hartzea.
Neurriak hartu ezean, protestak areagotuko dituztela aurreratu dute.