ELA, STEILAS, CCOO eta LABek datorren ikasturtean mobilizazioak indartuko dituzte Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

2019/07/12
Bakoitzari dagokion arduraz jokatuz eta langileen eskaerei erantzunez, gatazka honi irtenbide egokia ematea exijitu diete Patronalari eta Hezkuntza Sailari. Sindikatuek ordezkaritzaren %97 osatzen dute eta hurrengo ikasturtera begira mobilizazioak lantzen jarraituko dutela iragarri dute. Protesta ekintzak publiko egingo dituzte behin erabakita dituztenean.

ELA, STEILAS, CCOO eta LAB sindikatuen oharra:

Sektore honetako langileok 10 urte daramatzagu Lan Hitzarmena berritu gabe, eta 10 urte hauetan gure lan baldintzak kaskartuz joan dira. Egoera honetara iritsi izanaren ardura patronalak eta Hezkuntza Sailak daukate, bakoitzak dagokion mailan, baita gatazkari irtenbide egokia emateko aukera ere.

Mobilizazio dinamikari ekin aurretik hamaika negoziazio mahai eta bilera gauzatu genituen arren, mobilizazio dinamika hasi eta indartu dugun heinean soilik ikusi ditugu mugimenduak patronalen eta Hezkuntza Sailaren aldetik. Behin mobilizazio dinamikari ekin ondoren ere, adostasunak erdiesteko hainbat saiakera gauzatu ditugu sindikatuok, gure planteamenduetan malguak izan gara, proposamen neurtuak helarazi dizkiegu eta erabateko zintzotasunez jokatu dugu.

Patronalen negoziaketarako borondate ezak zein hezkuntza sailaren inplikazio faltak, ordea, mobilizazioak indartu beste biderik ez digute utzi. Jadanik 27 greba egun gauzatu ditugu sektoreko langileok, 24 azken ikasturte honetan. Baina erabateko arduragabekeriaz, Hezkuntza Sailak gatazkaren irtenbidean parte hartu gabe jarraitzen du, eta patronalak planteamendu berdintsuei bueltaka jarraitzen du, langileen oinarrizko eskaerei erantzun gabe mobilizazioa desaktibatzeko etengabeko saikeran.

Egoera honen aurrean, ELA, STEILAS, CCOO eta LABek, sektore honetan ordezkaritzaren %97 osatzen dugunok, hurrengo ikasturtera begirako mobilizazioak lantzen jarraituko dugu, publiko egingo ditugunak behin erabakita ditugunean.