ELA, STEILAS, CCOO eta LABek Gizarte Ekimeneko gatazkan UGTk hartutako erabakia deitoratzen dute

2019/07/08
UGTk, aldebakarrez eta ELA, STEILAS eta LABekin adostu gabe, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaren bitartekaritza eskatu du. Kontuan hartu behar da, gainera, sektore honetan ordezkaritzaren gutxiengoa duela UGTk (%3ko ordezkaritza dauka). ELA, STEILAS, CCOO eta LABek, bere aldetik, bilerekin jarraitzen dute, eta adierazi dutenez, hurrengo ikasturterako pausoak eta mobilizazioak landuta eta adostuta dituztenean egingo dituzte publiko.

ELA, STEILAS eta LABen agiria:

Sektore honetako langileok 10 urte daramatzagu Lan Hitzarmena berritu gabe, eta 10 urte hauetan gure lan baldintzak kaskartuz joan dira. Egoera honetara iritsi izanaren ardura patronalak eta Hezkuntza Sailak daukate bakoitzak dagokion mailan, baita gatazkari irtenbide egokia emateko aukera ere.

Mobilizazio dinamikari ekin aurretik hamaika negoziazio mahai eta bilera gauzatu genituen arren, mobilizazio dinamika hasi eta indartu dugun heinean soilik ikusi ditugu mugimenduak patronalen eta Hezkuntza sailaren aldetik. Behin mobilizazio dinamikari ekin ondoren ere, adostasunak erdiesteko hainbat saiakera gauzatu ditugu sindikatuok, gure planteamenduetan malguak izan gara, proposamen neurtuak helarazi dizkiegu eta erabateko zintzotasunez jokatu dugu.

Patronalen negoziaketarako borondate ezak zein Hezkuntza Sailaren inplikazio faltak, ordea, mobilizazioak indartu beste biderik ez digute utzi. Jadanik 27 greba egun gauzatu ditugu sektoreko langileok, 24 azken ikasturte honetan. Hezkuntza Sailak, ordea, jarraitzen du gatazkaren irtenbidean parte hartu gabe, eta patronalak planteamendu berdintsuei bueltaka jarraitzen du, langileen oinarrizko eskaerei erantzun gabe mobilizazioa desaktibatzeko etengabeko saikeran.