ELA, UGT, LAB eta CCOO-k Hirugarren Adinekoen Zentroen Sektoreko lehen hitzarmen kolektiboa negoziatzeari ekin diote, lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko

2021/05/13
Sindikatuek Nafarroako Gobernuari eskatu diote erantzukizuna bere gain har dezala, hein handi batean, diru publikoarekin sostengatutako sektore bat den neurrian; hori dela eta, sinadurak biltzeko kanpaina bat abiatu dute sindikatuek, eta maiatzaren 25ean elkarretaratze bat egingo da. Hitzarmen kolektibo honek 4.500 langile baino gehiagori eragingo die.

Maiatzaren 18an, ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek hirugarren adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena negoziatzeari ekingo diote. Egun horretan sektoreko mahaiaren osaketa egingo da, patronalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin. Hitzarmen kolektibo honek 4.500 langile baino gehiagori eragingo die, Nafarroan zehar 70 zentro baino gehiagotan banatuta dauden langileak, erresidentzia, adinekoentzako eguneko zentro, telelaguntza eta etxeko arretaren artean.

Oso feminizatuta dagoen sektorea da, % 90etik gora dira emakumeak. Gaur egun, Mendekotasunari Arreta Eskaintzeko Estatuko VII. Hitzarmenaren menpe daude langile hauek, euren hitzarmen edo itun propioak dituzten zentroak izan ezik. Honek lan-baldintzen aniztasun handia egotea dakar, eta Nafarroan baldintza horiek homogeneizatuko dituen erreferentziazko hitzarmenik ez dagoenez, sektorea deserregularizatua dago.

Honen ondorioz, ezinezkoa da kalitatezko zerbitzua ematea, eta prekarioak diren lan-baldintzak edukitzera kondenatzen ditu langileak, besteak beste:

  • Nafar Gobernuak 2020ko abenduan argitaratutako dekretuan ezartzen diren ratioek, batez beste, 7 minutu eskeintzen dizkio erabiltzaile bakoitzari, eta 88 minutuko arreta zuzena egun oso batean.
  • Egungo erreferentziazko hitzarmenak, urtean 1792 ordu lan egitera eta 1.000 €-tara iristen ez den soldata kobratzera eramaten ditu sektoreko langileak, enpresako hitzarmen propiorik eduki ezean. Honez gain, hilabetean asteburu bakarreko atsedenaldia besterik ez zaie aitortzen langileei.
  • Hori guztia, batzuetan arazo psikikoak dituzten pertsonak artatzea ohikoa den sektore batean. Honek gainera erasoak, irainak eta karga psikosozial handia ekarri ohi ditu.
  • Normalean, langile-eskasia dela eta, lan-karga handiegia da, eta horrek neke eta estres maila handiak sortzen ditu langileen artean.
  • Egoera horren ondorioz, langileek faktura fisiko bat izaten dute, laneko bajak ugariak izatea ekartzen duena. Baja hauek, baina, ez dira konplementatuak egoten.

Gaur egun Nafarroan profesionalizatutako zaintza gehienak kudeaketa pribatuko enpresen esku daude, eta enpresa hauek onura ekonomikoa lehenesten dute pertsonen zaintzaren gainetik.

Egoitza guztiak, Iruñeko Vergel eta Lizarrako Santo Domingo izan ezik (titulartasun eta kudeaketa publikokoak direnak), ia sektore osoa hartzen duten bi enpresa-elkarte handitan biltzen dira; alde batetik ANEA, kudeaketa pribatuko enpresak biltzen dituena eta, beste aldetik LARES, irabazi-asmorik gabeko erakundeak biltzen dituena -besteak beste, herri txikietako toki-administrazioen menpe daudenak eta patronatu, fundazio eta abar gisa eratzen direnak.-

Beharrezkoa da zainketen eredu publiko, doako eta unibertsal baterantz jotzea. Bide horretan, ezinbestekoa da Hirugarren Adinekoen Zentroen Sektoreko Hitzarmen Kolektibo nafar bat, alde batetik lan-baldintzak hobetuko dituena eta bestetik, ematen den zerbitzuaren zein arretaren kalitatea bermatuko duena. Baldintzak homogeneizatuko dituen hitzarmena, baina, batez ere, langileen egoera duinduko duena, egoitzen arteko soldata-arrakala desagerraraziz, administrazio publikoan dauden soldata eta lanaldietara bideratua egongo dena; izan ere, funtsezko zerbitzu bat da, eta administrazioak berak eman beharko luke.

Nafarroako Gobernuak menpekotasuna duten adinekoei arreta ematen die egoitza pribatuen bidez, plaza publikoak direnak kudeaketa pribatura eramanez; beraz, diru publikoz sostengatutako sektorea dela esan dezakegu.

Hori guztia dela eta, ELA, UGT, LAB eta CCOOk Nafarroako Hirugarren Adinekoen Zentroen Sektoreko Hitzarmen Kolektibo Sektorial eta probintziala negoziatzen hasteko eskatu diegu patronalari eta Nafarroako Gobernuari, sektoreko profesionalen lan-baldintzak hobetzeko eta hirugarren adinekoei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea bermatzeko. Ezin da kalitaterik egon egoiliarren arretan, lan-baldintzetan kalitaterik ez badago.

Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna zuzena da. Beharrezkoa da agenda politikoan Hirugarren Adinekoen Zentroen Sektoreko Hitzarmen bat sartzea; horregatik, sektoreko langileen artean sinadurak biltzeko kanpaina bati ekin diogu, hitzarmen honek lan baldintzak hobetzeko balio dezan.

Kanpaina hori maiatzaren 25ean amaituko da Nafarroako Gobernuan, eta egun horretako 11:00etan elkarretaratze bat deitu dugu bertan.