258 greba eguna izango dute Gipuzkoako erresidentzietan, martxoaren 24an

2022/03/22
ELAk beste greba egun bat deitu du -258 greba egun- Gipuzkoako zahar egoitzetan, martxoaren 24an. Egun horretan bertan, sindikatuak beste bilera deialdi bat erregistratuko du Aldundiarekin eta patronalekin Lan Harremanen Kontseiluan (LHK), negoziazioa berraktibatzeko. Bertan, elkarretaratze bat egingo da 11:00etan. Orain arte, Aldundiak ez die erantzun bilera-eskaerei, azkena barne, otsailaren 14an egina, dozenaka gizarte-eragileren atxikimendua izan zuena.

ELAk salatu duenez, lau urteko gatazkaren eta 257 eguneko grebaren ondoren, egoera gero eta larriagoa eta jasangaitzagoa da Gipuzkoako erresidentzietan. Langileek pairatzen duten egiturazko egoerari pandemia gehitu behar zaio, eta egoera horrek are gehiago okertu ditu jada prekarioak ziren lan baldintzak. Langile gutxi eta ratio eskasei ordezkapenik eza gehitu behar zaie orain. Horrela, langileek gero eta baldintza prekarioagoetan egin behar diete aurre lan karga handiagoei, horrek plantillan eta erabiltzaileengan dituen ondorio negatiboekin. "Zerbitzua gero eta okerragoa da. Bitartean, Aldundiak beste alde batera begiratzen du eta patronalek gero eta diru gehiago irabazten dute pandemiaren eta Aldundiaren utzikeriaren kontura", deitoratu du ELAk.

Sindikatuak esan du grebarekin jarraituko duela, grebarako eskubidea mugatzen duten %100eko gutxieneko zerbitzuak inposatzen dizkieten arren.