ELAk akordio gogoangarri bat lortu du, eta Bizkaian inoiz izan den grebarik luzeena amaitu

2017/10/27
Hitzarmenean langile grebalarien eskakizunak jasoko dira: 35 orduko lanaldia, hilean 140 € gehiago, eta %100 lan-istripu eta gaixotasuneko bajetan. ELAko ordezkariek akordio bat izenpetu duteu gaur, ostirala, urriak 27, sektoreko hiru patronalekin (GESCA, LARES eta ELBE), Bizkaiko zahar-egoitzetako langileen bi urte baino gehiagoko grebari amaiera emateko. Lan Harremanen Kontseiluan akordioa sinatu ostean, eta azken egunotan egin diren batzarretan ordezkarien aldeko irizpena jasota, langileok greba bertan behera uztea erabaki dute.

Lehenengo eta behin, ELAk zorionak ematen dizkie zahar-egoitzetako langileei, hain gatazka gogor eta zailean jokabide eredugarria izan dutelako. Irmotasunez eta gogoz mantendu izanagatik oztopo handiak gainditu ahal izan ditugu; batez ere gutxieneko zerbitzuen dekretu bat, gehiegizkoa, grebalariak higatzeko eta gatazka ezkutatzeko helburua zuena.

Emakumeon greba izan da, eta apalkerietan ibili barik, zinez uste dugu mugimendu sindikalaren historian orrialde bat idatzi dugula. Hau ez da lan gatazka hutsa izan; borroka sozial eta feminista bat ere izan da, zaintza lanak duintzeko bidean aurrera egin baitugu. Alde horretatik bihotz-bihotzez eskertzen ditugu gatazkan zehar jaso izan ditugun sostengu-mezuak, bereziki Babestuz senideen elkartearenak. Elkarte horrekin elkarlanean jarraituko dugu Bizkaiko zahar-egoitzetako arreta-kalitatea hobetzeari begira.

Hitzarmenean gatazkaren hasieratik plazaraturiko eskakizunak jaso dira, besteak beste, 35 orduko lanaldia, 1.200 euroko gutxieneko soldata, hobekuntzak baja-osagarrietan, eta plusak eguneratzea.

Zehazkiago esateko, Hitzarmenean honako puntu hauek jaso dira:

  • Hitzarmenaren indarraldia 2020. urtera arte luzatuko da, eta gure soldatei eta lanaldiari ekarriko dien hobekuntza %20tik gorakoa izango da.
  • Soldata-igoera 140 eurotik gorakoa izango da hilean. 2017ko irailetik hasiko da aplikatzen, 40 euroko igoera lineala hilean 2017 eta 2018an, 45 euroko igoera hilean 2019an, eta 55 euroko igoera lineala hilean 2020an.
  • Sektore-hitzarmenaren lanaldia arian-arian murriztuko da 200 orduan. Oraingo 1.698 lan-ordu izatetik (horietatik 15 prestakuntzarako), 1.517 lan-ordu izatera aldatuko gara (horietatik 20 prestakuntzarako). Batetik, asteko 35 orduko lanaldia lortu dugu, eta bestetik otarte-atsedenaldia ere onartu zaie langile guztiei, benetako lan egindako denbora gisa. Lanaldi-murrizketa horren ondorioz langile gehiago izango dira zentroetan, erabiltzaileentzako arretaren onerako.
  • Gainera, ez dira gehiago diruz zigortuko lan-istripuak edo lanbide-gaixotasunak, horrelakoetan soldataren %100 jasoko da. Halaber, asteburuko plusa igo da (1,70 €-tik 2,75 €-ra), eta baita gaueko lanaren plusa ere.

Eta aurreko hitzarmenean sartu genituen erreforma-aurkako klausulak, CEBEKek ez sinatzeko arrazoiak izan zirenak, mantendu egin ditugu.

Lehengo maiatzaren 1ean esan genuen bezala, artean 250 greba-egun eginak genituela, sistemak esaneko eta isilik nahi gaitu, eta eskueran zituzten baliabide guztiak erabiliz gu artegira itzularazi nahi gintuzten: egoitzetako erabiltzaileei tratu txarrak ematea leporatzen ziguten, lankideak kalera bidaltzen zituzten, bigarren mailako herritarrak bagina bezala tratatzen gintuzten menpekoak, manipulatzeko modukoak, ekimenik gabeak, erabakitzeko gaitasunik gabeak─. Azken batean begirunea galdu ziguten. Baina bagenekien, orduan eta orain, asmo jakin bat zutela: beren xantaiari guk amore ematea.

Baina guk ezetz esan genuen, ez genuen onartuko haiek emandako papera, ez genuen etsiko aldundiaren xantaiaren aurrean, ezta haren enpresa lagunkideen xantaiaren aurrean ere, guk isiltasuna eta menpekotasuna hautsi genituen, eta ez ginen geldituko gure lan-baldintzak eta erresidentzietako erabiltzaileen bizi-baldintzak duinago bihurtu arte.

Eta gaur, luzaroan oinazeak eta sufrikarioak pairatu ondoren, gau asko lo egin ezinik egonda, eta hamarka eta hamarka manifestazio eta elkarretaratze egin ostean, harrotasunez esan dezakegu argi eta garbi ez dugula etsi xantaiaren aurrean, garaipen sindikal eta sozial gogoangarri bat lortu dugula, eta herri honetako langileen emantzipazioko bidean aurrerapauso ederra eman dugula.

 

 

Bilbao, 2017ko urriaren 27a.