ASPACE GIPUZKOA
ELAk akordioa lortu du eguneko zentroetan
Urte eta erdi hitzarmena negoziatzen igaro ondoren eta sei greba egunen ostean, ELAk akordioa lortu du Gipuzkoako Aspace eguneko zentroetan. 2023-2025ko indarraldia du hitzarmenak, eta KPIaren araberako soldata igoerak zein lanaldi murrizketak jasotzen ditu.
Akordioa Gipuzkoako Aspaceko Eguneko Zentroetako eta hezkuntza eta arreta goiztiarreko langileei eragingo die, hau da, Arrupenea (Irun), Beasain, Eibar, Goienetxe (Donostia), Ibaiondo (Bergara), Intxaurrondo (Donostia), La Salle-Berrozpe, Luis Ezeiza (Eskoriatza), Musakola (Arrasate), Oxirondo, Santa Teresa, Tolosa, Udalaitz (Arrasate), Urdanibia (Irun), Urretxu eta Zarautzeko zentroetako langileei. Gipuzkoan 169 langilek dihardute esparru horretan.
Honako hobekuntzak jasotzen ditu akordioak, besteak beste:
- KPIaren igoera soldatako kontzeptu guztietan.
- Soldatak hilaren 1ean ordaintzea.
- 2025eko abenduaren 31erako funtzioen balorazioa egitea eta ardurak aktualizatzea. Kontuan hartu behar da 1989tik Lanpostuen Balorazioa egin gabe dagoela eta funtzioak eguneratu gabe daudela.
- Norberaren aukerarako jai egun bat.
- Lanaldi trinkoko 11 egun urtean.
- Urte sabatiko bat hartzeko aukera.
- Urteko 259 lan orduko jaitsiera Hezkuntza Zerbitzuko lanileentzat eta 100 ordukoa lantokiko presentzia jaitsiera Helduen Zerbitzuko langileentzat.
- 12 errelebo kontratu sinatuko dira gehienez Aspace Eguneko Zentroetan. Langileren batek erretiro partzialerako baldintzak beteko balitu baina jada 12 sinatuta daudelako ezingo balu egin, bere urteko lanaldia %5 murrizteko aukera izango du.
- Adinagatik lanaldi murrizketa: 61 urte beteta dituzten langileek, urteko lanaldia %25 eta %50 bitarte murriztu ahal izango dute.