BILBOBUS
ELAk baztertu du enpresaren azken proposamena
Bilbobuseko zerbitzu publikoa kudeatzen duen Biobide enpresaren zuzendaritzak (Alsa eta Transitia) proposamen berria mahaigaineratu du hiru hilabeteko greba mugagabearen ondoren. Zerbitzu publikoa kudeatzen duen enpresak erosahalmena berreskuratzearen aurka egiten jarraitzen du. Izan ere, egindako proposamenak jasotzen du Espainiako Gobernuak langile publikoen arloan hartzen dituen erabakien mendekoa izango direla soldata igoerak. Aste honetan bertan onartu du Madrilek funtzionarioen soldata % 2 igotzea, hau da, erosteko ahalmena %1,1 galtzea (2024an). Zuzendaritzaren proposamena ontzat emanez gero, Bilbobuseko langileei ere eragingo liekee galera, eta euren lan baldintzak negoziatzeko eskubidea kenduko litzaieke. Lehengo TCSA enpresa kudeatzaileak aplikatzen duen KPIari lotutako soldata igoera historikoa bertan behera uztea ekarriko luke horrek.
Gainera, enpresaren proposamenak ez ditu konpontzen urtean zehar bajan egoteagatik aparteko ordainsarietan izandako murrizketak, ezta beste gai batzuetan aplikatutako murrizketak ere, epaitegien ebazpenaren zain daudenak. Ez hori bakarrik: larriena da ez duela konpontzen lanaldi partzialeko kontratazioarekin ( % 62) eta behin-behinekoekin dagoen gatazka.
ELAk azken proposamen horren aurkako botoa eskatu du, eta mobilizazioekin jarraitzearen alde egin du KPIaren araberako soldata igoerak lortzeko, lanaldi partzialeko kontratazioarekin amaitzeko eta plantillaren eskubide guztiak berreskuratzeko, zerbitzu publikoaren eta kalitatezko zerbitzuaren defentsan.