ELAk berretsi du Gipuzkoako zahar-etxeen aurreakordioa badagoela eta Aldundia gezurretan ari dela froga dezake

2019/02/15
ELAk berriro dio: dagoeneko badago sektorearen %50etik gora ordezkatzen duten zahar-etxeetako bi patronalekin aurreakordioa. Gezurra da Gipuzkoako Foru Aldundiak komunikatu batean esan duena, hots, ELA gezurretan dabilela, aurreakordiorik ez dagoela, eta administrazioak sindikatuaren alde bakarreko proposamena baino ez duela jaso.

ELAk nabarmendu duenez, Maite Peña Gizarte-Politikako diputatuak berak aurreakordioaren berri izan du patronalekin eta ELArekin parte hartu duen bileratan.

Horregatik, ELAren zerbitzu juridikoa lanean ari da, Aldundiko arduradunen azken ekintzak eta adierazpen hauek legez kanpokoak ote diren aztertzeko; izan ere, modu maltzurrean jokatuz sindikatu honen legitimitatea zalantzan jartzea da euren helburua, sektorean 1.000tik gora afiliatu eta dozenaka delegatu dituen sindikatuaren sinesgarritasuna zalantzan jarriz. 

Aldundiak dio proposamena mahaitik kanpo egin dela eta negoziazio kolektiboa ez dela bere eskumena, baina erakunde horretako agintariek harremanak izan dituzte sektoreko sindikatu eta patronal guztiekin, lan-hitzarmenari buruzko gaiak aztertu eta negoziatzeko. Areago, Gipuzkoako Foru Aldundiak berak sustatu ditu negoziazio hauek, baina aurreakordioa iritsi denean leherrarazi egin du, garestiegia dela esanez.

Otsailaren 18an negoziazio-mahaia bilduko da, eta ELAk eutsi egingo dio iritsitako aurreakordioari; hauek dira jasotako puntu batzuk:

  • Hitzarmen probintziala berreskuratu eta enpresa hitzarmenak berritzea.
  • Lanaldi osoa eta kontratu mugagabea sektoreko langileentzat.
  • KPIz gaindiko soldata igoerak, soldata arrakala desagerrarazteko.
  • Lan- eta familia-bizitza kontziliazioaren hobekuntza.
  • Jaiegun eta asteburuetako plusen taxuzko hobekuntza.

Horregatik, azken egunetan izandako batzarren ondoren, ELAk mantendu egingo du otsailaren 20an hasiko den greba deialdia; sektoreko langileei dei egiten die aurreakordioan iritsitako edukia gauzatzen saia daitezen.