ELAk bide juridikoari ekin dio Eusko Jaurlaritzak onartutako EPE prozesuetako plazen kopurua handitzeko

2022/07/29
ELAk bide juridikoari ekin dio Eusko Jaurlaritzak onartutako egonkortze/kontsolidazio prozesuetako plazak handitu ditzan. Sindikatuak uztailaren 22an aurkeztutako errekurtsoaren helburua argia da: jakitea zein lanpostuk betetzen dituzten egonkortuak izateko baldintzak -Eusko Jaurlaritzak uko egin dio informazio hori emateari-, eta, horrela, eskainitako plazak zabaltzea, prekaritatearekin amaitzeko eta behin-behinekotasuna %8ra murrizteko.

Eusko Jaurlaritzak hainbat sektoretan (Osakidetza, Hezkuntza, Administrazio Orokorra eta bere erakunde autonomoak edo Justizia) onartutako plazen azterketa egin ondoren hartu du erabakia ELAk.

Eusko Jaurlaritzak 2022rako lan eskaintza publikoa onartu ondoren, sindikatuak maiatzean ohartarazi zuen eskainitako 9.000 plaza inguru horiek ez zirela nahikoa ez Eusko Jaurlaritzako 45.000 langile publikok jasaten duten behin-behinekotasunarekin amaitzeko, ez Iceta Legeak eta Europak ezarritako %8ko behin-behinekotasunaren langa betetzeko ere.

Gasteizko gobernuak sindikatuekin negoziatu behar du eta kontsolidatu behar ditu behintzat hiru urte baino gehiagoz behin-behinean jarraian jardunean izan diren lanpostuak. Hori egin ordez, horrela jokatu du:

  • Gardentasunik gabe. Sistematikoki uko egin dio informazioa eta dokumentazioa sindikatuei helarazteari, bai mahai orokorrean, bai mahai sektorialetan (Osakidetza, Hezkuntza, Autonomia). Eusko Jaurlaritzak uko egin dio egonkortze-prozesu horietara atera zitezkeen lanpostuen berri emateari.

  • Alde bakarrez jardun du, sindikatuei bizkarra emanez. Ez da benetako negoziaziorik egon sindikatuekin. Ez mahai orokorrean, ez mahai sektorialetan, ez du sindikatuekin adostu zenbat plaza edo lanpostu aterako diren prozesu horietara.

  • Ondorioz, deialdiak alde bakarrez atera ditu, askoz ere kopuru gutxiagorekin, Legean eta Europako aginduan ezarritakoa bete gabe. Jarrera horrekin, egungo behin -behinekotasun tasa altuak betikotzeko borondate argia erakutsi du Jaurlaritzak