ELAk bihar eskatuko du epaitegien aurrean Osakidetzak, garapen profesionaleko osagarrian aplikatutako murrizketa dela eta, bere langileei zor dizkien 150 milioi euroak ordaintzea

2018. urtean, ELAk epai bat irabazi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, eta, horren ondorioz, Osakidetzak 2011ko lanbide-garapenerako deialdiari zegozkion atzerakinak ordaindu behar izan zituen, zegozkion interesekin (130 milioi euro). Epai horrek aitortu zuen Osakidetzako 10.000 langilek nominan zegokien soldata-osagarri bat jasotzeari utzi ziotela, eta hori legearen kontrakoa izan zela. 2011. urtean, Osakidetzak une hartan martxan zuen deialdiarekin aurrera ez egitea erabaki zuen, Madrilgo murrizketen aitzakia erabiliz.
Hori gutxi balitz, eta legediak horretara behartzen duen arren, ordutik ez du urtero martxan jarri beharreko deialdi bakar bat ere egin, eta ez die langileei deialdi horietatik eratorritako soldata ordaindu. Osakidetzak uko egin dio 2011tik aurrera urteko egin beharreko deialdiak egiteari eta kontzeptu horrengatik langileei zor dizkien zenbatekoak ordaintzeari. 150 milioi euro baino gehiago zor dizkie.
Deialdirik ez egoteak soldata-eskala bikoitza eragin du plantillan: batetik, garapen profesionalean sartzeko aukera izan dutenen eta kobratzen dutenen artean, eta, meritu berberak izan arren, ez dutenen edo legokiekeena baino gutxiago kobratzen dutenen artean, Osakidetzak ez baitie deialdi batean parte hartzeko aukerarik eman. Osakidetzak diskriminazio onartezina sortu du, behin eta berriz salatu izan duguna. Berriz ere eskatzen diogu egoera onartezin honekin bukatzeko.
ELAtik murrizketa hori lehengoratzeko eskura ditugun tresna guztiak erabili izan ditugu eta erabiltzen jarraituko dugu, 2011ko deialdiarekin egin genuen bezala. Hala, bide judiziala aktibatu genuen Osakidetzak 2011. urteaz geroztik egin ez diren urteko deialdiak egin ditzan eskatzeko, eta langile bakoitzak garapen profesionaleko osagarria jasotzen hasteko eskubidea zuenez geroztik dagozkion atzerakinak ordaindu ditzan eskatzeko. Ez dugu inolako murrizketarik onartuko Osakidetzak langileei zor dizkien zenbatekoetan.
ELAtik, Eusko Jaurlaritzak azken hamarkadan bultzatutako murrizketa-politikak behin eta berriz salatu ditugu. Murrizketa horiek, zalantzarik gabe, gure osasun-sistema publikoak dituen egiturazko gabezien oinarrian daude. Gabezia horiek ez dira egungo osasun-krisiarekin sortu, baina horri emandako erantzuna oztopatu dute. Gure oraintsuko historiako osasun-krisi txarrenean ere, Eusko Jaurlaritzak aurrezteko eta austeritaterako politikari eustea erabaki du. Langileak dena ematen ari diren bitartean, Eusko Jaurlaritzak beharrezko errefortzuak martxan jarri gabe jarraitzen du eta langileak murrizketekin zigortzen jarraitzen du, ez du murrizketak lehengoratzeko inolako borondaterik.
Azken hilabeteetan bultzatu ditugun mobilizazioek eragindako presioaren aurrean (hiru greba egun barne), eta ELAk auzitegietan hasi duen prozeduraren mehatxuaren aurrean, Osakidetzak ezohiko deialdi bat egiteko proposamena aurkeztu du Mahai Sektorialean. Proposamen horrek ez du inola ere jasotzen egin beharko liratekeen urteko deialdietatik ondorioztatuko liratekeen kopuruen ordainketa (atzerakinak barne). Horrek suposatzen du murrizketei eustea eta langileen arteko diskriminazioa mantentzea; beraz, ELAk ez du proposamen hori babestuko, ezta Osakidetzak langileei zor dizkien kopuruen murrizketa ere.