GIZARTE SEGURANTZAREN ARAUBIDE EKONOMIKOA

ELAk bilera eskatu dio Eusko Jaurlaritzako bozeramaile den Maria Ubarretxenari

2024/10/23
ELAren ustez, Gizarte Segurantzako Araubide Ekonomikoaren kudeaketa eskuratzeak lan baldintzen eta zerbitzuaren kalitatearen hobetzea ekarri behar du

ELAk aldarrikatu du Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren eskumena eskualdatzeak langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea ekarri behar duela. Plantillaren eskasiak, lan kargek, behin-behinekotasun handiak eta, oro har, azken urteetan baldintzek okerrera egin izanak eragina izan dute langileengan, eta, ondorioz, baita emandako zerbitzuaren kalitatean ere. Horregatik, ELAk bilera bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio digital eta Autogobernuko sailburua den María Ubarretxena Cid andreari. ELAk dituen zalantzen berri emateko, transferentziaren prozesuan parte hartzeko eta, horrela, langileen interesak zaintzeko.

Badira lau urte Estatuko Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutua betetzeko egutegi bat adostu zutela, baina ez da betetzen ari, eta kezkaz ikusten du ELAk. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren eskumena izatean lan arloan ekar ditzakeen ondorioei buruz zalantzak ditu; aldaketa GSINen (Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala) eta/edo GSDOren (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia) gainean izango litzatekeen, zenbat langileri eragingo liekeen, langile aldaketa nola egingo den, ordezkari sindikalekin nola negoziatuko den... eta oraindik erantzunik ez duten beste galdera batzuk.