ELAk Bizkotzaldeko zahar-egoitzetako egoera jasanezina EAEn orokorrean geratzen dela salatzen du, pertsonalaren eskasia dela eta

2019/11/20
Senideekin eta Babesturekin bat eginez, ELAk elkarretaratze bat egitera deitu du Basauriko Bizkotzaldeko egoitzaren egoera salatzeko. Sindikatuaren esanetan antzeko egoera bizi dute EAEko hainbat eta hainbat zahar egoitzetan.

ELAk zenbait urte darama pertsonalaren gabezia eta arreta-eredua aldatzeko beharra plazaratzen. Izan ere, aurtengo otsailean ELAk kanpaina bat sustatu zuen, EAEko egoitzetako ratioa salatzeko; zeren ratio horren arabera pertsonal gutxiegi eta lan-karga gehiegi baitago. Sektoreko langileek ezin dute ratio hori jasan, eta horrek bere eragina du zerbitzuaren kalitatean. Gure kanpainan beste erakusgarri batzuen artean honako hau jaso dugu: Bizkaian 60 minutuko arreta baino ez zaio ematen egoiliar bakoitzari.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria onestea dela-eta, ELAk berehala erretiratzeko eskatu du, dituen eduki atzerakoiengatik, eta Legebiltzarrak ere dekretua berrikusteko eta aldatzeko eskatu dio Jaurlaritzari.