ELAk Darpon Osasun Sailburuari gogora ekarri dio epai batek aitortu diela 7.000 langileri 100 milioi kobratzeko eskubidea

Osasun sailburuak esan du epaia “ilogikoa” dela, plantilla guztiari eragiten ez diolako eta bere ustez gai hau negoziazio kolektiboan aztertu behar delako.
Darpon sailburuari gogorarazi nahi diogu Osakidetza bera izan zela alde bakarreko erabakiz eten zuena hasitako deialdia, eta ordutik hona ere beste deialdirik egin ez duena.
Halaber, Osakidetza da kontzeptu hau medio langileei zor zaien zenbatekoa kitatu ez duena, lehen instantziako epaiak ere esaten zuen arren 2015etik aurrera Osakidetzak zor zituen zenbatekoak ordaintzeko aukera zuela; ez ditu gauzatu ere etenda zituen deialdiak, auzitegi batek behin behinean hori egitera derrigortu duen arren.
Bestalde, gogoratu nahi dugu ELAk Osakidetzari eskatu ziola garapen profesionaleko eredua aldatzea eta irtenbide bat adostea; hau izan zen bere garaian egindako greben arrazoietako bat. Halere, negoziatzeko borondate ezak epai bateraino joan beharra eragin du; ez digute beste aukerarik utzi.
ELA prest dago garapen profesionaleko eredu berri bat negoziatzeko, irizpide objektiboetan oinarritua eta diskriminaziorik gabea. Egungo eredua ez bezalakoa, alegia. Hartara, atzo bertan Osakidetzari aldebiko bilera bat egitea eskatu genion eta erantzunaren zain gaude.
Bestalde, orain Darpon Sailburuak dio ez dela logikoa epaiak kolektibo osoari ez eragitea, baina Osakidetzaren ardura da soldata-eskala bikoitza sortu izana: batetik, garapen profesionalerako aukera izan eta kobratu dutenak daude, eta bestetik, meritu berberak izanagatik, halakorik kobratzen ez dutenak. Osakidetzak onartu ezineko diskriminazio egoera bat sortu du; ELAk hasieratik galdegin du berehala amai zedila diskriminazio hori.
Badirudi Darpon sailburuaren adierazpenak entzunda soldata murrizteko asmoa duela; beste behin ELAk gogorarazi nahi dio garapen profesionala langileen kolektiboaren eskubide bat dela eta orain Osakidetzan indarrean dagoen sistema erakundeak berak sortua dela. ELAk betidanik arbuiatu izan du subjektiboa zelako. Ez dugu beste murrizketarik onartuko.
Azkenik, Osakidetzari esaten diogu berak, eta ez beste inork, eragindako egoera hau behingoz konpondu nahi badu ez dezala epaiaren aurkako helegiterik sartu eta has dadila benetan negoziatzen, langile guztien garapen profesionaleko sistema bidezko, objektibo eta berdintasunezkoa taxutze aldera.