ELAk dei egin die Gipuzkoako erresidentzietako patronalei hurrengo bilerarako proposamen bat ekar dezaten

2022/04/27
Gaur, apirilak 27, Gipuzkoako erresidentzietako negoziazio mahaia izan da. Bertan, ELAk patronalei adierazi die prest dagoela edukiak eguneratzeko eta beste proposamen bat egiteko negoziazioa zuzentzeko; baina, aldi berean, patronalei dei egin die hurrengo bileran, maiatzaren 9an, proposamen bat aurkezteko benetako negoziazio bati ekin ahal izateko. Sindikatuak adierazi duenez, Gipuzkoako egoitzetako negoziazio mahaia osatu zenetik bost urte baino gehiago igaro ondoren, eta lau urteko gatazkaren eta 257 eguneko grebaren ondoren, erresidentzietako egoera "larria eta jasanezina" da. Gogorarazi duenez, ELAk eta LABek mahai gainean jarri zuten azken proposamena 2020ko abenduan izan zen, baina ez zen mahaian eztabaidatu ere egin. Urte eta erdi geroago, sindikatuak berriro deitu ditu sektoreko patronalak mahaira, negoziazioa berriz martxan jartzeko borondatea azaltzeko. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari, zerbitzuaren azken arduradunari, bere erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu dio.

ELAren esanetan, zahar egoitzen ereduaren egiturazko egoerari pandemia eta horren ondorioak gehitu zaizkio, eta horrek are gehiago prekarizatu ditu langileen lan baldintzak. Horrela, langileen eta sektorearen beraren lan baldintzak duinduko dituen hitzarmen bat gero eta beharrezkoagoa dela ziurtatu du. Bien bitartean, ELAk adierazi du borrokekin, grebekin eta hitzarmen duin baten aldeko mobilizazioekin jarraituko duela.