ELAk demanda bat aurkeztu du Arabako eta Gipuzkoako larrialdi-zerbitzuak Bilbon zentralizatzeagatik

Segurtasun sailburuaren 2019ko otsailaren 18ko aginduaren bidez lanpostuen zerrenda aldatu da, beraz, Bilboko Larrialdien Arretako Zerbitzuan postu berriak sortuko dira baina Gipuzkoakoak eta Arabakoak kendu; izan ere, aurrerantzean, larrialdiak gertatzen diren lekuan gertatzen direla ere, Bilbotik kudeatuko dira.
Aldaketa horren bidez Segurtasun Sailak bost lanpostu aurreztuko du, 62 postutik 57ra murriztu baita plantilla. Hau da, Gipuzkoan eta Araban larrialdi bati erantzuteko denbora luzatzeko prest dago, apurren bat aurrezteagatik, eta Larrialdien Arretako Zuzendaritzako pertsonal osoa zentro bakar batean biltzea erosoagoa zaielako.
ELA-Ertzaintzaren esanetan zentralizazio-prozesu osoa isil-gordean eraman da. Hori dela eta, demanda bat jarri du administrazioarekiko auzien epaitegian, Estefania Beltran de Heredia sailburuaren agindua deuseztatzeko eskatuz, ordezkaritza sindikalarekin aldez aurretik eta nahitaez egin behar den negoziazioa ez baita egin. Unitate horren egitura aldatu da, dotazioak amortizatuz, eraldatuz eta sortuz, sindikatuei zergatien txostena aurkeztu gabe, nahiz eta ezarrita dauden organoen bidez (negoziazio-mahaia eta ERtzaintzaren Kontseilua) behin eta berriz eskatu, eta ondorioz, Euskal Funtzio Publikoaren Legea urratu da. Gainera, neurriaren eraginpeko langileei zor zaien begirunea galdu zaie, ez baitute aukerarik izan arrazoi objektiboak ezagutzeko, ezta alegaziorik egiteko ere; Sailak entzunaldiaren izapidea egin ez duelako.
Gipuzkoarrentzat zerbitzu hori galtzeaz gain, ELAk Markel Olano ahaldun nagusiaren agintekeria salatzen du, ez baititu onartu eraginpeko langileek 2018an zehar egin dizkioten eskariak, ezta herritarrei azalpenik eman nahi izan ere Biltzar Nagusietan; Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernukideek, EAJk eta PSEk, berariazko batzorde bat eratzearen aurka bozkatu zuten-eta.