ELAk doako garraio publikoa eta aparkalekua eskatu du funtsezko sektoreetako langile guztientzat, koronabirusaren krisiak dirauen bitartean

2020/04/01
Sindikatuak gutun bana igorri die Eusko jaularitzari, Nafarroako Gobernuari eta EAEko hiru Foru Aldundiei, oinarrizko zerbitzuetan lanean ari direnentzat garraiatzeko eta aparkatzeko erraztasunak eskatuz.

Sindikatuak nabarmendu duenez, herritar guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko ezinbestekoak diren funtsezko zerbitzuetan lanean ari direnentzat oso onuragarriak izango lirateke neurri horiek.

Zehazki, hauek dira ELAren aldarrikapenak:

  • EAEko eta Nafarroako oinarrizko zerbitzuetako langile guztientzako doako garraioa (Bizkaian jada eskatuta).
  • Doako aparkalekua lantokietan (edo inguruko aparkaleku pribatuetan).
  • Etxeko Laguntza Zerbitzuko edota garbitasuneko langileentzako aparkaleku bereziaren bereizgarria, beren lana egingo duten etxeetako atean edo lan zentruotan  aparkatu dezaten.
  • Funtsezko zerbitzuetako langileak arazorik gabe leku batetik bestera mugitzeko, garraiatzeko eta aparkatu ahal izateko beste neurri batzuk.

Igorritako gutunean zehaztu bezala, neurri horiek berehala ezartzea eskatu du ELAk, beti ere, funtsezko zerbitzuetako langileen osasuna eta segurtasuna uneoro bermatuz.