ENPLEGU ZENTRO BEREZIAK
ELAk elkarretaratzea egin du desgaitasuna duten pertsonen lan baldintzak hobetzeko

Administrazioen betebeharra da desgaitasuna duten pertsonentzat enpresa arruntetan lana bultzatzea eta Enplegu Zentro Berezietan soilik aldi baterako jardutea, baina ez da horrela izaten. Kasu askotan, lan egiteko duten aukera bakarra Zentroetan da. ELAk salatu du irabazi asmorik gabeko zentroez gain, gero eta enpresa gehiago daudela sektorean. Horien helburua ez da desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean integratzea, baizik eta irabaziak metatzea lan baldintza miserableen eta dirulaguntza publikoen bidez. Kasu batzuetan, administrazioek kontratatzen dituzte.
Sektorea arautzeko bidean, ezinbestekoa da sektoreko hitzarmen bat negoziatzea. Bi bilera egin diren arren, patronalek uko egin diote negoziazio mahaia eratzeari. Administrazioek baldintzak sortu behar dituzte dibertsitate funtzionala duten pertsonek enpresa arruntetan lan egin ahal izateko eta, bitartean, lan baldintza duinak bermatzeko. ELAk lan baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko du.