ELAk enplegu publikoa kontsolidatzearen alde mobilizatzen jarraituko du
Datozen asteotan funtsezkoak izango dira Hego Euskal Herriko langile publikoentzat, Icetaren Legeak eta 2022ko Aurrekontuen Legeak ondorio zuzenak izango baitituzte. Funtzio Publikoaren Batzordean dago jada Iceta Legea, eta 2022ko Aurrekontuen Lege Proiektua ere aurkeztu dute Espainiako Kongresuan.
ELArentzat bi lege horiek honako hau bermatu behar dute:
- Euskal Herrian erabaki ahal izatea zein zerbitzu publiko behar eta nahi ditugun, baita zerbitzu publiko horiek aurrera ateratzen dituzten langileen lan baldintzak ere.
- Horretarako, erreposizio tasak desagertu egin behar dira Aurrekontu Lege Proiektutik. Estatuko Gobernuak aurkeztutako testuaren arabera, Madrilek erabakiko luke gure lanpostu beharrak hezkuntzan, osasungintzan gizarte zerbitzuetan eta abarretan.
- Aurrekontuen Legeak ere aldatu behar du %2ko soldata igoeraren oinarrizko izaera; izan ere, beste inposizio bat ezartzeaz gain, erosahalmen galera ere dakar langile publikoentzat (azken hamarkadan metatutako erosahalmen galeraren %13koa da).
- Icetaren Legeak bermatu behar du kontsolidazio prozesu bermatzaileak abian jarriko direla, behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 70.000 langile publikoek (15.000 Nafarroan eta 55.000 EAEn) enplegua sendotu dezaten, eta, horrela, sektore publikoaren pribatizazioa eta jasaten duten lan prekarietatea amai daitezen.
- Egungo egoera etorkizunean berriro gerta ez dadin neurriak hartzea: zerbitzu publikoak langile publiko, egonkor eta nahikoekin eskaintzen direla bermatzeko neurriak.
Euskal Herriko alderdi politikoen botoek erabakiko dute hori horrela den ala ez, eta hala ez bada, ezingo dute ondoren esan zerbitzu publikoen alde egiten dutela.
Helburu hori lortzeko, azken asteetan ELAk hainbat bilera bultzatu ditu sindikatu eta kolektibo desberdinekin, joan den otsailean hasi genuen mobilizazio dinamikari jarraipena emateko. Mobilizazio horien artean, apirilaren 22an greba egin zen EAEko sektore publikoan. Zoritxarrez, akordioa ez da posible izan.
Horren aurrean, ELAk honako hau adierazi nahi du:
- ELAk aipatutako helburuei eutsiko die.
- Mobilizazioekin jarraituko du, zentzu batean edo bestean legeak egiteko erantzukizuna duten erakunde eta alderdi politikoei presioa egiteko bide gisa.
- Ez dio uko egingo gure herrialdeko sektore publikoko behin-behinekotasunari irtenbidea emateko aukera duten alderdi politiko guztiei interpelazio zuzena egiteari.
ELAk garbi du agintarien erabaki politikoen eraginez daukagula Estatuko zein Europako behin-behinekotasun tasarik handiena: sektore publikoan lan egiten duten 10 pertsonatik 4 aldi baterako egoeran daude. Beraz, hutsegite larria litzateke mobilizazioei garrantzia kentzea eta unea egokia ote den zalantzan jartzea.
Hori guztia ikusita, ELAk mobilizazioak bultzatuko ditu datozen egunetan.