Arabako Etxez Etxeko Zerbitzua

ELAk epaitegietara eraman du 2021-2025ko hitzarmena

2023/10/12
Gutxiengoan sinatu zuten hitzarmena CCOOk eta AESAD patronalak, modu antidemokratikoan.

ELAk demanda aurkeztu du Gasteizko epaitegietan Arabako ELZren estatutuz kanpoko hitzarmeneko zenbait artikuluren aurka. CCOO sindikatuak eta AESAD patronalak gutxiengoan sinatu zuten, guztiz antidemokratikoa dena eta, ondorioz, estatutuz kanpokoa denez, ezin du langile guztiei oro har aplikatu beharreko gaien inguruko artikulu arautzailerik jaso.

Prozedura judizialari ekin aurretik ELAk bilera bat egin zuen Lan Harremanen Kontseiluan patronalarekin eta CCOO sindikatuarekin, azaltzeko artikulu horiek estatutuz kanpoko hitzarmenetik at utzi behar zirela. Bilera horretan, patronala artikulu horiek kentzearen alde azaldu zen eta adierazi zuen artikuluak ez zirela hitzarmenean jasoko. Baina ELAk inolako aldaketarik gabeko testu bat jaso zuen patronalaren eskutik. 

Egoera horren aurrean, ELAk erabaki du Arabako ELZren hitzarmena epaitegietara eramatea. Hitzarmen horrek nabarmen murriztu ditu sektoreko langileen lan baldintzak, eta aukera ematen die patronalari eta sindikatu sinatzaileari hitzarmen bat negoziaziatzeko eta sinatzeko behar den minimo demokratikoa hausten jarraitzeko.