BIOBIZKAIA, BIOGIPUZKOA ETA BIOARABA

ELAk epaitegietara jo du ikerketa zentroko langileen baldintzak Osakidetzakoekin pareka daitezen

ELAk epaitegietara jo du ikerketa zentroko langileen baldintzak Osakidetzakoekin pareka daitezen
Zientzia Legea aplika dadin eskatzen dute, Osakidetzako baldintzekin parekatzeko. Arabako, Gizpuzkoako eta Bizkaiko osasun ikerketa erakundeetako zuzendaritzek, ordea, ez dute legea onartu nahi.

Epaitegietara jotzea, beste biderik ez dute izan Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoako langileek. EAEko osasun ikerketako erakundeek uko egin diotelako 2022an onartutako Zientzia Legea aplikatzeari. Ondorioz, ELAk epaitegietara jotzea erabaki du. Gipuzkoan eta Bizkaian salaketa aurkeztu du jada, eta beste hainbeste egingo du Araban.

Osasun arloko goi mailako ikerketa egiten dute hiru erakundeek. Esaterako, minbizia, esklerosia edo alzheimerra ikertzen dute (EITB maratoietako dirua jasotzen dute, besteak beste). Plantilla 600 bat langilek osatzen dute: 258 Bizkaian, 249 Gipuzkoan eta 50 Araban. Erakundeak Osakidetzak kudeatzen ditu baina langileak ez ditu Osakidetzak zuzenean kontratazen. Lan baldintza okerragoak dituzte eta ez dira aintzat hartzen euren jardun eta ibilbidea.

Zientzia Legearen arabera, Osakidetzak kudeatutako ikerketa biomedikoko langileek ezin dute antzeko kategorietako osasun sisteman jarduten dutenen soldata baldintza okerragoak izan, besteak beste. Alegia, lan baldintza horiek Osakidetzakoekin parekatu behar direla dio Legeak. Legea beteko balitz, langileek batez beste %30eko soldata igoerak izan beharko lituzkete, eta kategoria txikiagoenetan hobekuntzak are nabarmenagoak izango lirateke. Hori da ELAk eskatzen duena, baita karrera profesionala bermatzea ere, esaterako. 

ELAk eta langileek hainbat negoziazio bilera egin dituzte zuzendaritzarekin Legea aplika dadin. LHKn ere egin dira bilera horietako batzuk azken hilabeteotan, baina ELAk proposamen ugari egin arren, zuzendaritzak ez du aurrerapausurik eman. Orain, epaitegien esku dago auzia.