ELAk eskatu dio Osakidetzari Lanbide-Garapenaren epaia berehala betetzeko eta soldata-eskala bikoitzarekin amaitzeko

2018/05/29
Orain dela zenbait egun ELAk judizio bat irabazi zion Osakidetzari. Bertan, 2011n plazaratu eta alde bakarrez bertan behera utzi zituen lanbide-garapenaren deialdi batzuk ebaztera behartzen du, eta dagozkien soldata-osagarriak ordaindu beharko ditu, atzerakinak barne. Zenbatekoa guztira 100 milioi eurotik gorakoa da. Bertan behera utzitako deialdiaren eta 2012tik egin ez direnen ondorioz pertsonalari zor zaon diru-kopurua 250 milioi eurotik gorakoa da.

Epaian aitortu denez Osakidetzako 7.000 langilek ez zuten nominan jaso zegokien soldata-osagarria, jasotzeko eskubidea izan arren. Azpimarratu beharrekoa da Osakidetzako langileen soldataz ari garela, eta soldata hori alde bakarrez murriztu zietela. Murrizketa horrekin langile-kidego horren eroste-ahalmenaren galera %21eraino metatu da.

Orduan erabilitako argudioaren arabera, Madrildik ezarritako murrizketa bat zen. Baina epai horren bidez frogatu da berriz ere, beste hainbatetan frogatu den bezala, herri honetako agintarien borondatea Madrildik ezartzen direnak baino politika zorrotzagoak aplikatzea dela.

Hori gutxi balitz bezala, Osakidetzak soldata-eskala bikoitza sortu du bere plantillan. Batetik, lanbide-garapenera sartzea eta hori kobratzea izan dutenak, eta bestetik, merezimendu berberak, eduki arren, deialdian parte hartzerik izan gabe kobratzen ez dutenak, edo dagokiena baino gutxiago kobratzen dutenak. Osakidetzak diskriminazio onartezina sortu du, behin eta berriz salatu duguna, eta berehala amaitutzat jotzeko eskatzen duguna.

Egun esan dezakegu oraingo plantillaren zati handi batek eskubidea duela osagarria jasotzen hasteko edo, bestela, orain jasotzen duena baino gehiago jasotzeko; eta kasu askotan atzerakinak eta guzti. Horregatik plantillari zor zaion diru-kopurua, etendako deialdiagatik, eta 2012tik egin ez direnengatik, 250 milioi eurotik gorakoa da.

Gogoratu beharrekoa da ELAk eskatu ziola Osakidetzari lanbide-garapenaren eredua berraztertu eta irtenbide bat bilatzeko; horixe izan zen garai hartako greben arrazoietako bat. Hala ere, negoziazio-borondaterik ezak auzitara bultzatu gintuen, Osakidetzak ez baitzigun beste irtenbiderik eman.

Hala eta guztiz ere, ELA negoziatzeko prest dago oraindik ere, baina esan behar diogu Osakidetzari:

  1. Lanbide-garapenaren osagarrian ez dugu murrizketarik onartuko, den modukoa delarik, ezta jabedun soldata baten banaketa ere (epaian aitortu denez), eta Darpon jaunak proposatu omen duenez.
  2. Epaiak eragiten dien langileei zor zaizkien diru-kopuruak berehala ordaintzeko eskatzen dugu, eta baita deialdi-ezagatik kalteturik gertatu diren gainerako langileei ere, eta horrela gaur egungo soldata-eskala bikoitzarekin amaituz.
  3. Lanbide Garapenaren eredu berri bat negoziatzeko eskatzen dugu, irizpide objektiboen arabera eta diskriminaziorik gabe; oraingoa ez bezalako beste eredu bat adostearren. ELAk hasieratik agertu zuen bere desadostasuna oraingo ereduarekin, eta ordezko aukerak proposatu zituen.
  4. Darpon jaunari eskatzen diogu langileei murriztutako soldaten inguruan demagogia egiteari utz dezala. Era berean, herri honetako politikariak, behingoz, hartutako erabaki larrien inguruan ardura politikoak har ditzaten eskatzen dugu.

ELAtik adierazten dugu gure esku dauden baliabide sindikal eta juridiko guztiak erabiliko ditugula, plantilla osoaren lanbide-garapenerako eskubidea bermatzearren, eta Osakidetzak gaurko egunean zor dizkien 250 milioi eurotik gorako diru-kopuruaren ordainketa bermatzearren.