IZFE
ELAk eta CCOOk lehen hitzarmena izateko aurre akordioa sinatu dute 31 urte hitzarmenik gabe egon eta gero
2024/07/02

ELAk eta CCOOk akordioa lortu dute Izfen, informatika zerbitzuak eskaintzen dituen Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko enpresa publikoan. Akordioari esker, 31 urtean lehen aldiz, enpresan hitzarmena izango dute. Akordioa mobilizazio askoren eta hiru eguneko grebaren ostean iritsi da.
Izfeko langileak hitzarmen kolektiborik gabe zeuden enpresa sortu zenetik, 1993tik. Akordio honekin, 8 urteko negoziazioa itxi da. Denbora luze horretan, mobilizazioak beharrezkoak dira, baita bide juridikoa ere. Izan ere, ELAk hainbat garaipen lortu ditu epaitegietan. Justiziak sindikatuari arrazoia eman zion eta enpresa berdintasun plan bat ezartzera behartu zuen. Halaber, eskubide sindikalak urratzen zirela eta enpresak soldata eskala bikoitza aplikatzen zuela ebatzi zuen. Hitzarmenaren negoziazioa arindu duten aldeko epaiak.
Hauek dira aurreakordioan jasotako puntu nagusiak:
- Soldata eskala bikoitza ezabatzea eta soldata igotzea plantilla osoari.
- Teknikarien taldeko igoerak (Izfeko plantilla osoaren % 72 inguru), batez beste, 9220 €-koak dira langile bakoitzeko urteko. Eta kasurik onenean, 18350€ urtean.
- Plantillaren % 94 inguruk ordainsaria hobetuko du.
- Telelana ezarriko da.
- Hitzarmenean adostu ez diren lan baldintzek Gipuzkoako Foru Aldundiaren baldintzak izango dituzte erreferentzia.
- Hobekuntzak urteko ordutegiaren erregulazioan.
- Deskonexio digitalerako eskubidea izango dute langileek.