ELAk eta LABek Gipuzkoako aniztasun funtzionalaren publifikazioa eskatu dute

2022/06/09
ELAk eta LABek Gipuzkoako aniztasun funtzionalaren sektorea publiko egiteko eskatu dute. Gaur egun eredu publiko-pribatua da nagusi. Hala jaso dute gaur, ekainak 9, Gipuzkoako Foru Aldundiak Txaran, Donostian, duen egoitzan erregistratutako dokumentu batean. Era berean, bilera bat egitea eskatu diote Aldundiari, egungo ereduak langileengan dituen ondorio kaltegarriak aztertzeko. Arratsaldean, 18:00etan, elkarretaratzea egin dute Aldundiaren eraikinaren aurrean, Gipuzkoa Plazan, eta sektorearen aldarrikapen nagusiak azaldu dituzte, besteak beste, KPIari lotutako soldata-igoerak bermatzea.

Sektoreko enpresa handienak -Aspace Vivienda, Aspace Centro de Día edo Gautena- hitzarmenak negoziatzen ari diren arren, enpresa horiek uko egin diote KPIa bermatzeari. Gainera, ratioak berrikusteko eta hobetzeko eskatzen dute langileek, zerbitzu hobea emateko. Atzegiren kasuan, salatu dute enpresak egutegi berri bat ezarri nahi diela, negoziatzeko inolako aukerarik gabe.